Eibarren garaipen handia Espanyolen aurka (1-2)
Eibarrek hiru puntuak eskuratu ditu Espanyolen zelaian Manu del Moral eta Bovedak lehen zatian egindako golei esker. Bigarren zati bukaeran Caicedok gola sartu du eta Espanyol berdinketa lortzen saiatu den arren, Eibar ondo aritu da defentsan. [Partidaren xehetasunak]
Eibarrek bikain abiatu du urte berria Espanyolen zelaian garaipena lortuta. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak partida serioa egin du eta bere aukerak ondo baliatu ditu hiru puntuak eskuratzeko.
Lehen zatia bukatzeko azken ordu laurdena geratzen zenean Eibarrek garaipena eman dioten bi golak lortu ditu. Del Moralek egin du lehenengoa eta jarrian iritsi da bigarrena.
Atsedenaldi ostean Espanyol partida orekatzen saiatu da baloi luzeen bitartez eta hamar minuturen faltan Caicedok gola egin du. Etxekoek estutzen jarraitu dute, baina ondo defendatu du emaitza Eibarrek.