INFO

Didier Rougeten heriotza Euskal Herriarentzat «galera handia» dela nabarmendu du Sortuk

Didier Rouget abokatu eta militantearen heriotza Euskal Herriarentzat «galera handia» dela uste du Sortuk. Gaixo egonik ere, eskubideen aldeko borrokari eutsi ziola nabarmendu du.


Sortuk «dolumin sentituenak» adierazi dizkie Didier Rougeten senide eta gertukoei, bere heriotza dela-eta.

Ohar batean nabarmendu duenez, Euskal Herritik kanpo sortu bazen ere «elkartasunetik konpromisora igaro eta gure herriari dagozkion eskubideen aldeko militante fina galdu du Euskal Herriak».

Borrokalari «nekaezina» izaki, Euskal Herrian «ematen ziren eta oraindik ematen diren eskubide urraketak, euskal preso politikoek pairatzen dituztenak bereziki, Europako instituzioetan» salatu zituela gogora ekarri du eta gaixo egon arren «eskubideen aldeko borrokari» eutsi ziola. Horren emaitza, besteak beste, ‘Parot doktrina’ gisa ezagutu denaren baliogabetzea izan da, Sortuk oroitu duenez.

Errepresaliatuen eskubideen defentsa ez ezik, ezker abertzaleko erakundeen ilegalizazioa ere Estrasburgora eraman zuen Rougetek. Bere heriotza Euskal Herriarentzat «galera handia» izan da Sorturen iritziz.