Eragileen sostengu zabala jaso dute Aurore Martinek eta Haizpea Abrisketak, epaiketaren atarian
Auzitegi Nazional espainolean urtarrilaren 12an ezker abertzaleko 35 militanteren aurka, horien artean Haizpea Abrisketa eta Aurore Martin, hasiko den epaiketa salatu dute Ipar Euskal Herriko hogei eragile inguruk eta elkarretaratzea antolatu dute egun horretarako Baionan.
Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta urtarrilaren 12tik aurrera Madrilen epaituko dituzten ezker abertzaleko beste 33 militanteei babesa adierazteko sortu den kolektiboa aurkeztu dute gaur goizean Baionan. Bertan izan dira Martin eta Abrisketa, sostengua adierazi dieten Ipar Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin. Bake Bidea, Anai Artea, Giza Eskubideen Liga, Nazioarteko Presondegien Behatokia, EH Bai, Europe Ecologie-Berdeak, Autonomia Eraiki, NPA, Ensemble Pays Basque, Aitzina, Cimade, CFDT, LAB, ELB eta CGTko ordezkariak izan dira, besteak beste.
Agerraldian ohartarazi dutenez, hamar urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko diote beren jarduera politikoagatik. 2007an Seguran egindako sarekadarekin Baltasar Garzonek abiatu zuen auzian Batasuna «berreraikitzea» leporatzen diete guztiei. Batasuna Estatu espainolean legez kanpo utzi zuten arren Estatu frantsesean legala zela gogoratu dute, eta epaiketak oinarri politikoak dituela salatu.
«Oinarrizko eskubide demokratikoak diren iritzi, adierazpen eta biltze eskubideen aurkako eraso berri hau salatzen dugu. Batasuna erakunde legala zela Frantzian oroitarazi behar da» baieztatu du kolektiboak egin duen adierazpenean. Testua Alice Leiziagezahar Berdeen alderdiko Eskualde kontseilariak eta Christophe Desprez Giza Eskubideen aldeko Ligako presidenteak irakurri dute.
Errepresioa bertan behera uzteko eskatu dute eta elkarrizketaren bidea defendatu. Aldi berean, eskubide politikoak defendatzen dituztenez auzipetuak errugabetzeko galdegin dute.
Egungo bake prozesuaren aldebartasuna nabarmendu dute eta gogora ekarri dute Aieteko Adierazpenaren ondoren ETAk borroka armatua behin betiko gelditzea erabaki zuela.
2014ko urrian Ipar Euskal Herriko Elkarrizketa Taldeak Gobernu frantsesari bake prozesuan parte hartzeko deia egin ziola ere oroitu dute agerraldian
Martinek eta Abrisketak Madrilen gainontzeko auzipetuekin izango direla jakinarazi dute eta defentsa «estrategia komuna» izango dutela.
Astelehenerako elkarretaratzea deitu dute Baionan, 18.30ean Herriko Etxearen aurrean.