Kontseiluak salatu du euskaldunak «babesik gabe» aurkitzen direla enpresen aurrean
Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuaren balorazioa eginez, Kontseiluak salatu du euskaldunak «babesik gabe» aurkitzen direla enpresen aurrean, «Espainiak gaztelania legez bermatzen duen bitartean».
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuaren «betetze» mailaren inguruko balorazioa egin du prentsaren aurrean, ildo politiko eta instituzionalaren arduradun den Iñaki Lasarekin batera.
Hala, eta dekretua erredaktatua dagoen bezela, hizkuntza eskubideak bermatzeko eraginkorra ez den tresna juridiko baten aurrean gaudela azpimarratu du. Gogoratu du dekretu zirriborroa argitaratu zen lehen unetik Kontseiluak txalotu egin zuela helburu eta epe zehatzak jasotzen zituela, baita urratzaileei begirako zehapenak ikustea ere.
Ordea, Lopezen Gobernuak aipatu proposamenak baztertu egin zituela salatu du, eta Iñigo Urkullurenak ez dituela berreskuratu nahi izan gaineratu du. «Zehapenik gabeko dekretua diskurtso hutsa da», adierazi du.
Gobernu espainiarrak «ehunka arautan» gaztelania erabiltzeko betebeharra ezartzen duela ere salatu du, eta horrek euskaldunei euskara erabiltzeko aukera eragozten diela gaineratu du, «gure hizkuntza bigarren mailakoa izatera kondenatuz».
Kontseiluak egin duen dekretuaren «betetze» mailaren azterketaren arabera, «benetan zaila» da euskaldunentzat dekretuaren eraginpeko enpresetan euskara erabiltzea. Horregatik, irtenbide bat proposatu du: Administrazioak hizkuntza politika berri eta eragingarria abiatzea eta euskalgintzak herritarren aktibazioa areagotzea.