INFO

Mendialdea: Zentro-eskuina garaile eta abertzaleen emaitza bikaina

Euskal mendialdean zentrista eta eskuindarren arteko aliantza izan da boto gehien lortu duena eta abertzaleekin batera bigarren itzulian izango da hurrengo igandean. EH Baik oso emaitza ona izan du kantonamendu horretan.

Leonie Aguergaray, EH Baiko hautagaia, bozkatzen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Jean-Pierre Mirande eta Annick Trounday Idiart bikotea izan dira bozkatuenak Mendialdeko kantonamenduan. Nolanahi ere, ez dira zuzenean bigarren itzulira pasako, aurreikusten zen bezala, urrun geratu dira (%27,98).

Zentro-eskuinaren aliantzako ordezkariek abertzaleak izango dituzte aurkari hurrengo igandean. Leonie Aguergaray eta Antton Curutcharry bost puntura geratu zaizkie eta emaitza bikaina lortu dute, botoen %22,05 jasota.

Hirugarren postuan, PSk eta alderdi horren aliatuek osatutako bikoteak bozen %14,81 eskuratu dute, eta haien atzetik, estu estu, Olivier Carasco eta Clarie Dutaret-Bordagaray UMPko ordezkariak izan dira (%14,71).

Fronte Nazionaleko ultraeskuindarrak bosgarren geratu dira, botoen %8,95ekin.

Ezkerreko FG alderdiak bozen %7,59 jaso du, eta EAJ-PNBk, %3,91.