INFO

Zapatila zuri, tropela Debagoienatik Bizkaira

Bere bosgarren egunean, Gipuzkoatik Arabara sartu da lehenengoz Korrika, Aramaiora hain zuzen. 1.500 biztanleko herrian, bizilagunek bete dituzte 9 kilometroak, bertan ez baita enpresarik.

Korrika gaur goizean, Aramaion. (@gara_miantzi)

Herritar batek, Mikelek, azaldu duenez, eragile eta elkarte guztiekin bilerak egin eta lanak banatu dituzte, baita kilometroak ere: batzuek erdi bat, bertzeek osoa… Erran duenez, nahiko ongi funtzionatzen du Aramaiok, bai kilometroak erosten bai parte hartzen, eta edizio guztietan lasterketa bertatik pasatzen ez bada ere, modu batean edo bertzean beti egiten dute bat AEKren ekimenarekin.

Zuiako Kuadrillako parte izan arren, Debagoienan sartzen da Aramaio. Eskualde honetan Korrikak izan duen arrakastaren seinale da peto guztiak bukatu izana. «Jende ugari etortzen zaigu eskatzera, batzuek agian 60, baina jada ez dauzkagu», agertu du Olaia AEK-ko irakasleak eta Debagoienako petoen arduradunak.

Lasterketa iritsi aitzinetik, Aramaioko eskolako haur pila bat egon da arkupeetan irakasle eta familiekin batera Korrikaren kanta abesten eta dantzatzen, beraiek egindako peto ederrak soinean. Eneritz Garro hiru umeren ama da, 3, 7 ea 9 urtekoak. Kontatu duenez, ostiralean jaialdia egin zuten. Ttikiena hagitz kontent ibili omen da abestiarekin, kantatu eta kantatu, eta atzo hagitz urduri omen zegoen. «Beraientzat oso naturala da. Aramaion euskaraz bizi gara, gure erreferentzia Euskal Herria da eta ez dakit oso kontziente diren hori ez dela errealitate bakarra», adierazi du.

Aramaiotik Arrasatera jo dute euskahaldunek, eta bertako kaleetatik txaloka eta animoka ari den lagun pilaren artetik igarotzea izugarria izan da. Errepideetan, jende tropela dabil lasterka. Elurra ezusteko bisitari izan du gaur goizean Korrikak, baina hala ere, herritarrren erantzuna ezin hobea izaten ari da. Elgetatik Elorriora ailegatu eta Bizkaian zabalduko dute gaur euskararen aldeko mezua.