Lehia bizia izango da Baiona 3 eta Angeluko kantonamenduetan
Gaurko saioan erabakiko dute hamabi euskal kantonamenduetan zeintzuk izango diren Paueko Kontseiluan lurraldea ordezkatuko duten hogeita lau kontseilariak datozen sei urteetarako.
EH Baiko hautagaiak bost kantonamendutan lehiatuko dira zentro-eskuinekoekin, Errobi-Aturrikoan izan ezik, han FNko bikotea izango baitute aurrez aurre. Gainerakoetan sozialista-eskuina ohiko bi aukeren artean hautatu beharko dute boto-emaileek.
Astean zehar ugariak izan dira kantonamendu bakoitzean bigarren itzuli honetarako deialdiak. Paueko eserlekuak berenganatzeko lasterketan jarraitzen dutenek, jakina, beren aldeko kanpaina areagotu egin dute. Baina aurreko igandean kaleratuak izan ziren askok ere beren oinarri elektoralari noren alde bozkatu gomendatuz deiak egin dituzte.
Izan eskuineko, zentroko edo ezkerreko joeretakoak, Errobi-Aturrin, gehienek Alain Iriart EH Baiko hautagaiaren eta Fabienne Ayensa bere kidearen alde bozkatzea eskatu dute, batez ere FNko bikoteari bidea ixteko. Abantaila horrekin eta joan den igandeko itzulian alde handiarekin (%37,90) lehenak izan zirela kontuan hartuz, ziurtzat ematen da biak hautatuak izango direla.
Litekeena da, ordea, abertzaleek Departamenduko Kontseiluan ordezkari gehiago lortzea, nahiz eta, aurrean dituzten hautagai beteranoekin (gehienak orain arte Paueko erakundean izanak) aski zaila izango den. Aukerak izatekotan, batik bat Uztaritze-Errobi-Urdazuri eta Euskal Mendialdeko kantonamenduetan izango lituzkete.
Baigura-Mondarrain (bi bikoteak Forces64-UMP aliantzakoak dira), Biarritz, Baiona 1 eta Bidaxunen aliantza bereko hautagaiak irabazle izango lirateke eta, ezusteko handia gertatu beharko litzateke Donibane Lohizunekoan ere garaile ez ateratzeko. Kantonamendu horretan lehen itzuliko emaitzak aztertuz, aski argi da FNko boto-emaileek izango dutela giltza.
Hendaiakoan, berriz, EH Bai izango da gakoa. Ezker abertzaleko mugimenduak, beste hautagaitzei dagokienez, ez du inoren aldeko gomendiorik eman bigarren itzulirako.
Alta, iazko udal bozen ostean Herriko Etxeko kudeaketarako Kotte Ezenarro auzapez sozialistarekin eginiko hitzarmena ikusirik, litekeena da orain haren alde egitera boza abertzaleei eman dieten askok. Hortaz, Ezenarro-Kehrig bikotea Sallaberry-Goya hautagaitzari gailenduko zaio segur aski.
Baiona 2 kantonamenduan ere sozialistek arazo handirik gabe irabazi beharko lukete. Alta, Angelun eta, batez ere Baiona 3n, lehia bizia izango da PS eta zentro-eskuineko bikote hautagaien artean.