INFO

Independentistak sareak herritarrak zoriondu ditu igandeko erantzunagatik

Igandeko erantzun jendetsua dela-eta, Indepenentistak sareak euskal jendartea zoriondu du, hala nola antolakuntzan parte hartu zuten herritarrak. «Oso arrakastatsu» moduan definitu dute Aberri Eguna.

Manifestaldi jendetsua Aberri Egunean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Independentistak sareak herritarrak zoriondu ditu igandean, Aberri Egunean, Iruñean emandako erantzun masiboa dela-eta. «Sareak antulatu duen seigarrena izan da, eta urtetik urtera gora doa parte hartzen duen jendearen kopurua eta ekimenaren indarra», adierazi du erakundeak idatzi batean.

Honen harira, eskerrak eman nahi izan dizkiete antolakuntzan parte hartu zuten guztiei, baita ekimen desberdinetan parte hartu zutenei. «Beraiei esker lortu genuen egundoko giroa Iruñean arratsalde eta gauean zehar. Denon artean lortu genuen eguerdiko manifestazio eta ekitaldiaren ezaugarri politikoa arratsaldeko ospakizun eta jai giroarekin uztartzea», azpimarratu dute.

Azkenik, arrakasta honek lanean jarraitzeko indarrak berritzen dizkiela adierazi dute. «Badugu zer egin independentziaren aldeko gehiengo sozial zabalak metatu eta aktibatzeko lanean. Ildo horretan, gure auzolan independentistan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei», amaitu dute.