INFO

.EUS domeinu berri bakoitzeko PuntuEUS Fundazioak 10 euro emango dizkio Seaskari

Maiatzaren 1etik 10era bitartean erregistratzen den .EUS domeinu bakoitzek PuntuEUS Fundazioak 10 euro emango dizkio Seaskari. Era berean, fundazioak hainbat aurkezpen ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako Ipar Euskal Herrian.

PuntuEUS fundazioaren agerraldia 2013ko ekainean, ICANN-ek domeinua onartu eta hurrengo egunean. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

PuntuEus Fundazioak jakitera eman du maiatzaren 1etik 10era erregistratzen den .EUS domeinu bakoitzeko 10 euro emango dizkiola Seaskari. Honen bidez, «euskarak Ipar Euskal Herrian duen presentzia sendotzen laguntzea» dute jomuga. Gaur egun, 3.500 domeinu ditu marka honek.

Era berean, hainbat aurkezpen ekitaldi antolatu dituztela iragarri du. Honela, ostegun honetan, hilak 30, 18:30ean Baionako Elkar dendan Josu Waliño zuzendariak aurkeztuko du .EUS domeinua, eta maiatzaren 11n, ordu beran, Uztaritzeko Lapurdi gelan, Waliñok berak eta Manex Garaiok «Zergatik eta nola erabili .EUS domeinua?» hitzaldia eskainiko dute.

Egun bat lehenago, Senperen ospatuko den Herri Urratsen ere, fundazioak eskaintza berezia prestatu du. «Euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea da. .EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona», azaldu du fundazioak ohar batean.