INFO

‘@xik ikastol@’ goiburu, ikastola berriak lagunduko ditu aurten Herri Urratsek

Datorren maiatzaren 10ean egingo da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jai erraldoia. Aurtengo zertzeladak ezagutarazi ditu Seaskak Baionan. Ziburuko ikastolarako orubea erosteko baliatuko dute bertan bildutako dirua.

This browser does not support the video element.


Pascal Indo Seaskako lehendakariak eta Maialen Etxemendi Herri Urrats elkarteko lehendakariak, kantua egin duen Willis Drummond taldeko bi kide lagun zituztela, aletu dituzte Baionan Senpereko aintziraren inguruan urtero euskaltzaleek izaten duten hitzordu garrantzitsuaren xehetasunak.

Horrenbeste zeresan eman duen Ziburuko ikastola berriarentzat lursaila erosteko baliatuko dute aurtengo edizioa Indok adierazi duenez, baina baita joan den astean iragarri dituzten hiru ikastola berrien sorrera ospatzeko ere. Irailetik aurrera Basusarri, Hiriburu eta Azkaraten ikastola bana irekiko dituztela zabaldu zuten Seaskakoek joan den ostiralean.

«Festa egun on» bat iragarri du Seaskako lehendakariak, eta Herri Urrats «sosa biltzeko» egina denez, jendeari «jaterat, erosterat, edaterat eta diru ematerat Seaskari» etortzeko eskatu dio.

Erronka lehen aldiz

Haurren festak zipriztinduko ditu aurten ere Senpereko aintziraren bazterrak. Hiru gune izango dira haientzat, tartean Irrien Lagunen Txokoa. Berrikuntza, berriz, 13-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako Erronka jokoak dakar, lehen aldiz egingo baita Herri Urratsen.

Musikak tarte zabala izango du hiru oholtzetan. Dantzarentzat gune berezia ere atondu dute. Willis Drummond taldeko Xan Bidegain eta Rafa Rodrigok, aurtengo kantua egin duten musikarietako bik alegia, salaketa hitzak izan dituzte ahoan prentsaurrekoan bezala Niko Etxart kolaboratzaile izan duten kantuan, «Seaskaren eta ikastolen egoera ere halakoa» delako.