INFO

Gehiago gara, gutxiago dira... edo ez da izango


Perogrullo berak ere sina zezakeen goiko titularra, bai, jakina; baina gauzak horrela dira, sinple-sinpleak. Gaurtik hasita, hurrengo bi asteetan zirt edo zart egingo du Nafarroak. Hainbestetan oker erabili izanaren ondorioz, desitxuratua dago “historiko” terminoa gure hiztegi politikoan, baina zerbait historikorik bada euskal agertokian, horixe litzakete 1936. urtetik hona –bai eta aurretik ere– jaun eta jabe izan den eskuin espainiarzale atzerakoia agintetik kanpo ikustea. Betiko «korralito forala» (guztiz gomendagarria Iban Gimenezen liburua), azken hamarkadotako «bunkerra», egungo «erregimena»... dar-dar batean dago. Zauritutako piztiek beti jo ohi dute ostikada bat edo beste, baina horretarako gaitasunik ere ez zaio antzematen egun Nafarroako eskuin espainarzaleari. Legislatura horribilis bat izan du. Ez dago garaituta, ordea, eta hilaren 24an estu-estu bada ere gobernuari eutsiko balio, hurrengo lau urteetan egoera iraultzeko botere tresna nahikorik izango zukeela suma daiteke. Hortaz, «orain ala inoiz ez» baten aurrean al gaude Nafarroan? Baliteke. Nik baietz esango nuke.

Ardura ikaragarria dute, beraz, aldaketaren aldeko indarrek. Historiaren zama bizkarrean, eta, aldi berean, etorkizunaren giltza eskuetan. Urduritasun puntu bat ere ulergarria litzateke. Bihotza bero behar da honelakoetan, eta, burua, aldiz, ahalik eta hotzen hobe. Eredugarria iruditu zait, hortaz, EH Bilduko Adolfo Araizek UPNko Javier Esparzaren aurreko buruz burukoan egindakoa. Aldaketaren edukia (letra) jarri du. Tonua (musika) ere bai.

Buelta gaitezen Perogrulloren egietara. Askotan ahaztu egiten bada ere, hauteskundeak ez dira irabazten bakoitzaren konbentzimendu propioaren bidez, indar harremana aldatzearen bitartez baizik. UPNk, PSNk eta PPk 185.000 boto bildu zituzten duela lau urte; NaBaik, Bilduk eta IUN-NEBek, 111.000. Bazen aldea. Hortaz, helburura iristeko bi bide baino ez dira: alternatibaren aldekoak, gu geu, askoz gehiago izatea, ala betikoak, beraiek, dezente gutxiago. Eta hori guztia bi aldeen arteko hezia gaindituta boto-emaile bakar bat «beste espaloira» pasatzea zinez zail eta bitxia dela jakinda. Errepara diezaiogun lehen aukerari. Gu gehiago izateko baldintzak izan bazeuden, nafar jendartearen haserrea eta egonezina bistan direlako; horren seinale garbia da pasa den udazkeneko Navarrometroak Podemos alderdi oraindik gorpuztu gabeari ematen zion emaitza ikaragarria (18 eserleku!). Geroztik, ordea, Podemosen gainbehera nabaria izan da eta jada inork ez dio aipatu inkestari batere sinesgarritasunik eskaintzen. Aldaketaren aldeko beste indar politikoek bereari eutsi diotela ematen du, beren bidean aurrera eginez, txukun baina oraindik fronte zabal garbirik osatu gabe. Ez dute batere lagundu bidearen bi ertzetan txanpinoiak bezala ageri diren sektore, talde, lobby, txiringito eta abarren presio, aurrebaldintza eta aurreiritziek. Ironia finaz adierazi du Juan Kruz Lakasta kazetariak ‘‘Hobe bizi ginen Barcinaren aurka’’ izenburudun zutabean. Zerbait entzun bada azken hilabeteotan honakoa izan da: «Aldaketa nik diodan bezalakoa izango da edo ez da izango». Nahiz eta edonork ulertu beharko lukeen juxtu alderantzizkoa: hautestontzietan irabazten ez bada, ez zuk diozun bezala ez beste era batera ere, Nafarroan ez da aldaketarik izango eta kito. Hain sinple, berriz ere.

Askoz gehiago garenik, beraz, ez dut sumatzen. Baina aukerak hor segitzen du, pare-parean, beraiek askoz gutxiago izatea logikoa litzatekeelako. Soberan dago zergatia azaltzea; hamarkada askotako oker, gabezia eta lotsagabekeria guztiak lau urte eskasetan azaleratu dira. Hilaren 24an etxean gelditzeko gogoa ez zaie faltako lehen aipatutako 185.000 boto-emaile horietako gehienei. Hautestontzietara joan daitezen motiborik ez ematea gomendatzen du, beraz, egoerak. Aldaketa beren onerako hartzen ez badute beren kalterako behintzat ez dela izango argi helaraztea. Neurrigabeko (eta arrazoigabeko) triunfalismoa soberan dago, afixetako hainbat gehiegikeria bezala, «barrabiletako ostikoak» kasu. Araizek erakutsi du bidea eta ibiltzeko era. Bi aste eskas.

All about M24