Bobby Sands-en biografia argitaratu du Txalapartak
Bois d’Arcy-ko espetxean itzulitako liburua da ‘Bobby Sands. Martxa baten lehen notak’. Jurgi Garitagoitia eta Aitzol Iriondo preso politikoek ekarri dute euskarara Denis O’Hearnek idatzitako biografia eta, 500 orrialdetan zehar, 66 eguneko gose grebaren ostean hil zen gaztearen hurbilketa gizatiarra egiten du.
Mitxel Sarasketa preso ohiaren hitzetan, liburu honen bidez «pertsona baten bilakaera ikusten da; hau ez da Bobby Sandsen heriotzaren gaineko liburu bat, bizitzaren gaineko liburua da».
Aurkezpenean parte hartu duen Sinn Feineko Dublingo zinegotzi Eoin O’Broinek, bere aldetik, gogora ekarri du Margaret Thatcherren gobernuak presoak «errepublikanoei min egiteko tresna» gisa erabili nahi izan zituela: «Altzaririk, libururik edo aisialdirako gutxieneko tresnarik gabe utzi zituen. Ondoren komunak erabiltzea debekatu eta garbiketa pertsonala oztopatu zieten. Egoera gogor horretan, geratzen zitzaien arma bakarra gose-greba egitea zela erabaki zuten». O’Broinen hitzetan, euren eskubideen defentsaz gainera «herri baten integritatea eta duintasunaren alde bizia eman zuten» eta horrekin Thatcherren «kriminalizazio estrategia» desegitea lortu zuten.
Iriondok eta Garitagoitiak, euren senideek irakurri duten ohar baten bidez, eskerrak eman dizkiete liburu hau posible egin duten guztiei eta itzulpena «gure oihua» bilakatu dutela ziurtatu dute: «Kartzelari egunero aurre egitearen borroka gogorra izanik beste irtenbiderik ez dagoela iritzita, gorputza armatzat hartuta odolez gure mezuak idatzi ditugu ziegaren paretetan. Ez dago irakaspenik, ez dago leziorik liburu honetan, dago elkartasuna, dago konplizitatea, dago maitasuna eta dago bizitza. Barrote artetik oihua egiteko beharra ikaragarria delako».