INFO

Sakanako industria berreskuratzea, alderdien bide­orri

Azkeneko legealdietan pairatutakoari buelta ematea. Hau da helburua. Ez dago urruti Sakana industriaren olatuan Nafarroako motor ekonomikoetako bat zeneko garaia. Gaur egun, aldiz, krisiak eta langabeziak gogorren jipoituetako zonaldeetakoa da.

Inasako langileen protesta 2013 urtean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Mende honen hasieran enplegu beteaz gozatzen zuen Sakanak eta 15 urte geroago, gazteen langabeziak, besteak beste, %50eko muga gainditu zuen. Azken hamarkadan etengabe itxi dira lantegiak Irurtzundik Olaztira. Gazteak Sakanan lan eta bizitzeko aukerarik ez eta 50 urtetik gorakoek ere. Leku berean 20 urte baino gehiago lanean eman ostean, kalean aurkitu dute euren burua hainbat familiek.

Inasa edo Sunsundegi, besteak beste, dira denboran adibiderik gertukoenak. Eta bai kasu batean zein bestean nafar Gobernuari beste leku batera begiratu izana leporatu diote, langileriari bizkarra eman eta kapitalaren ihes egitea baimenduz. Bai batean zein bestean bideragarritasun planak aurkeztu ziren, baina UPNren Gobernuak hatzik mugitu ez izana salatu zuten, ehunka familia langabeziara kondenatuz.

Sakanako Plan Estrategikoa

Irurtzungo lantegiaren kasuan, zeinek aluminiozko papera egiten zuen, mahai gainean jarri zen salerosketarako eskaintza bat, eta baita enpresaren bideragarritasun proposamen konkretua ere. Baina langile ohiek gogoan dute bai administrazio konkursalak bai Nafar Gobernuak ontzat eman zuten arren, azken hauek ezer ez zutela egin tresneriaren salmenta eteteko. Honek jarri zion amaiera puntua lantegiaren ibilbideari, araneko motore izan zenari.

Sunsundegiren kasuan, aldiz, azkenean, nafar Gobernuak aurkeztutako bideragarritasun plana onartu egin zen. Honek 65 kaleratze suposatu zituen eta enpresaren kapitalaren %51 Exekutiboaren eskuetan geratzea eta %49 langileentzako. Honek azken finean, Sodenaren kapitalaren ihes egitea suposatu zuen.

Honi buelta ematea da erronka nagusia Sakanan eta alderdi eta zerrenda guztiek onartu dute hau. Eta honi begira eman zaio forma Sakanako Plan Estrategikoari, zeinekin EH Bilduk bat egin duen. Eskualdeko estrategia zehatz baten faltan eratu zen «Sakanan bizi, erosi, kontsumitu, ikasi eta lan egin ahal izateko». Ibarreko langabezia tasa altuak ezinezkoa egiten ditu puntu hauek guztiak eta horretarako «ekoizpen egitura sendotu eta dibertsifikatu» beharra nabarmentzen da programan.

Hala ere, Sakanak aurrera egiteko, ezinbestekoa da hautatua suertatuko den nafar Gobernuaren benetako inplikazioa eta, zentzu honetan, bere konpetentziak bete ditzan exijitzen dio planak. Hauen artean, azpiegiturak hobetzea, lankidetza eta finantziazioari dagozkionak eta baita Lehen Hezkuntzako eskoletan hobekuntzak bermatzea.

Azkenik, ezabatua izaten ari den industria horri begira, eremu integral bat edo biren sorrera bultzatzea du jomuga planak, bi eremuak amankomunean gestionatuak izango direlarik. Eskualde ikuspegi horrek, Mankomunitateak berak garatzen dituen zerbitzuetan ere berezko garrantzia izango du hurrengo legealdian. Hizkuntz arloan edo hondakinen gestioan, adibidez, Sakanak bere eredua martxan dauka, baina nafar Gobernuarekiko elkarlan ezarekin.

Alderdi guztiek bat egin dute ekonomiaren eta industriaren suspertzearen garrantzian, baina aurrekariek erakutsi dute nafar gobernuaren inplikazioa dela proiektu berri baten funtsa. Eta honetan ados izan dira hautagaitza guztien programak, PP eta UPN alderdiek aurkeztutakoak izan ezik. «Sakanan lan eta bizi» izan ohi da leloa, eta orain, hurrengo lau urteetarako erronka.

All about M24