Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko lege proiektua iragarri du François Hollandek
Estatu frantsesak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko lege proiektu konstituzionala iragarri du François Hollande presidenteak, Frederique Espagnak PSko senatariak jakinarazi duenez.
François Hollande presidenteak lege proiektu konstituzionala iragarri du Estatu frantsesak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi dezan. Hala jakinarazi du Frederique Espagnac PSko senatariak bere Twitter kontuan.
@fhollande annonce un projet de loi qui sera soumis au #senat! @BixenteVrignon @SO_Paysbasque @F3euskalherri pic.twitter.com/6XRlZd8osF
— Frédérique Espagnac (@FEspagnac) June 4, 2015
Iazko urtarrilean, Asanblea frantsesak Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko bidean lehen urratsa egin zuen, hori ahalbidetuko duen proposamena onartuta. Horren ondotik, prozedurak bi bide posible zituen: batetik, Senatuan aztertu eta bozkatzea, eta ondoren erreferenduma egitea Estatu osoan; bestetik, Gobernu frantsesak proposamena bere egitea eta lege proiektu konstituzionala aurkeztea. Azken hori da, hain zuzen ere, Hollandek hautatu duen bidea.
Modu honetan, Kongresua (Senatua + Asanblea Nazionala saio berean) bildu eta 3/5en babesa jaso beharko luke proposamenak aurrera egiteko. Horrela erreferenduma saihestuko da, Gobernuak nahi zuen bezala.
Presidenteak Espagnaci igorri dion agirian dionez, Kongresuaren bidea hobetsi du «egokiena» dela uste baitu. Hala, Justizia Ministerioari lege proiektua prestatzeko eskatu dio.