Herritarren babesa jaso dute Etxebeherek, Mateok eta Lekunberrik
Ehunka herritarrek ongi etorria eman diete Ortzaizen aste honetako polizia operazioan atxilotuak izan ondoren, kontrol judizialpean aske utzi dituzten Jeff Mateori, Grazi Etxebehereri eta Teresa Lekunberriri.
Grazi Etxebehere, Jeff Mateo eta Teresa Lekunberri igande arratsaldean iritsi dira Ortzaizera eta ehunka herritarren babesa jaso dute ongi etorrian. Eskerrak eman dituzte jasotako babesarengatik eta baita ere Mateok berak gogoratu duenez, atxilotu zituzten egunean etxe ondoan egindako sostengu mobilizazioarengatik.
Mateo eta Lekunberri astearte gauean atxilotu zituzten bere etxean Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ustezko ETA kideak atzeman ostean. Polizia frantsesa oldartu egin zen etxe kanpoan bildutako jendearen aurka.
Grazi Etxebehere berriz, ostegunean atxilotu zuten Sanferminetatik bueltan. Atzeman aurretik Etxebeherek harro aitortu zuen Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea bere etxean zituela eta San Ferminetara joan behar zuenez Jef Mateo eta Terexa Lekunberri lagunei etxean hartzeko eskatu ziela, ardura osoa bere gain hartuz. «Desarmatu nahi duen talde bati lagundu» diola nabarmendu zuen eta bake prozesuaren aldeko konpromisoa aldarrikatu zuen.
Ortzaizen egin dieten ongi etorrian ere bakearen alde hartutako konpromezua aipatu dute hirurek eta gainontzeko herritarrei ere konpromezuak hartzeko deia egin diete agintariek uko egiten diotelako bake prozesuari.