INFO

EH Bilduk erabakitze eskubidean diasporak duen garrantzia nabarmendu du

EH Bilduko Jon Iñarritu eta Josu Juaristi Boisen, AEBtan izango dira hurrengo astean, erabakitze eskubidearen inguruko mahai-inguru batean parte hartzen. Eskubide hau gauzatzeko bidean euskal diasporaren lana eta beharra nabarmendu dute.

Josu Juaristi eta Jon Iñarritu, gaurko agerraldian. (EH BILDU)

Hurrengo astean EH Bilduko Jon Iñarritu eta Josu Juaristi Amerikako Estatu Batuetako Boise hirira joango dira, han bizi den euskal diasporako komunitate zabalarekin batera Euskal Jaia ospatzeko. Bertan Agirre Lehendakaria Centerrek, Columbia Universityk eta Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen inguruan antolatutako mahai inguruan hartuko dute parte.

Gaur goizean egindako agerraldian «Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagoen eskubide demokratikoaren gauzapenaren bidean urrats esanguratsuak emateko aukera paregabea» dela adierazi due. Zentzu honetan, erabakitzeko eskubidearen gauzatzearen bidean euskal diasporak «jokatzen duen eta joka dezakeen papera oso garrantzitsua» dela aldarrikatu dute.

«Ataka larrian utzi du espainiako Estatua Kataluniak abian daukan aldebakarreko prozesu eratzaileak», eta azken egunetan Madrilgo Gobernuak egin dituen mugimenduak horren lekuko direla defendatu dute.

Honela, «Estatu espainiarraren demokratizazio prozesuari itxaron gabe», Euskal Herrian bertan martxan jartzeko beharra azpimarratu dute. «Horretarako, funtsezkoa da Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagokien erabakitzeko eskubidea edukitzea. Herriei eta herritarrei erabakitzeko eskubidea aitortzen ez dien demokraziarik ez dago».

Bide horretan euskal diasporak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute. «Herritarren eta eragile politikoen borondate politikoa kontua da erabakitzeko eskubideren alde dagoen euskal gizartearen gehiengoa helburu eta aldarrikapen jakin baten alde lanean jartzea, elkarrekin. Inoiz baino baldintza hobeak ditugu horretarako, euskal diasporako kideak ondo konturatu diren bezala».