INFO

Bilbao Athleticek ezin izan du punturik eskuratu zilarrezko mailarako bere itzuleran (0-1)

Bilbao Athleticek San Mamesen egin du Bigarren Mailako estreinaldia eta Girona izan du aurrean, iazko talde indartsuenetako bat. Azkenean, kataluindarren gol batek erabaki du partida 80. minutuan.

Bilbao Athletic eta Gironaren arteko partida. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Jairo Morillasen gol batek garaitu du Bilbao Athletic denboraldiko estreineko partidan. Zigandaren mutilek ezin izan dute punturik lortu 19 urte eta gero Bigarren Mailara itzuli eta gero. Bisitarien gola jokoz kanpo argian iritsi da.

Hala ere, hobeak izan dire bisitariak, baina bizkaitarrek ongi erantzun dute. Dena den, 54. minutuan Unai Bilbaok ikusi duen bigarren txartel horiak markatu du bigarren zatia eta, azkenean, partidaren norabidea ere.

Partida aukera gutxirekin hasi da, baina ordu erdia igarota oso joko erasokorra erakutsi dute biek ala biek. Felipe Sanchonek langara bidali du baloia eta Santamaria txuri-gorriak erantzun dio, gola bitan oso gertu izanda. Bisitariei ere, gol bat baliorik gabe utzi die epaileak, jokoz kanpokoa adierazita.

Bigarrena hasi eta berehala iritsi da Bilbaoren kanporatzea eta honek gauzak erreztu dizkie Gironakoei. Hala ere, bilbotar gazteek ez diote uko egin erasotzeari eta kontraeraso batean iritsi da gola 80.minutuan, jokoz kanpo baten ondotik etorri dena.

Etxekoak saiatu dira berdinketa eskuratzen, baina ideia baino gogo gehiagorekin. Emaitza ez da mugitu, eta Bilbao Athleticek denboraldiari porrotarekin ekin dio.