INFO

Ikastola eraiki berrian ekingo dio Kaskaroteneak ikasturteari

Iazko udako Udalaren oztopoak atzera utzi eta lur eremu propioa erosi ahal izan dute Kaskarotenea ikastolaren bultzatzaileek eta ostegunean ekingo diote ikasturteari hamabost haurrekin. Laida Mujika lehendakariak ikastola baten egiazko kezkei heltzeko gogoz daudela adierazi du.

Kaskarotenea ikastolaren eraikin berria. (KAZETA | © Isabelle Miquelestorena)

Ez zuen aterabide errezik Kaskarotenea ikastolak Ziburuko alkatea kontra jarri zitzaiolarik, baina sustatzaileen ekimenez eta milaka herritarren elkartasunari esker ostegunean ekingo dio ikasturteari erosi berri duen eremuan eta «ikastola baten benetako kezkak» buruan.

KAZETAk jasotako adierazpenetan, Laida Mujika lehendakariak «poz-pozik» direla dio, «lekua ezin hobea» dela eta «ilusioz eta poztasun handiarekin» ekingo diotela ikasturteari. Ziburun bertan Marinela auzoan erosi zuten ikastolaren sustatzaileek egungo ikastetxea ezarri duten lur eremua, Mujikak esker on mezuak izan ditu, «hori gabe ezin genuen lurra erosi. Beharrezkoak ziren 300.000 euroak kasik horrekin lortu ditugu».

Hamabost haurrek ekingo diote asteazkenean ikasturteari Marinela auzoko eraikin berrian. Ez da erabat amaiturik baina bai ikasturtea hasteko moduan. Irailean inguruko espaloiak eraikiko dituzte eta urrian iritsiko da aterpea. Kalapitak atzera utzi eta lanari ekiteko gogoz dira Kaskarotenean. Haur berriak erakartzea eta proiektu pedagogikoa lantzea aipatu ditu Mujikak.

Elkartasunaren uzta

Ia urtebeteko ekimen gogorraren emaitza izango da asteazkenetik aurrerakoa. Iazko udan Guy Poulou alkateak ez zuela hitzarmena berrituko iragarri zuen, orduko eraikinak uzteko aginduz ikastolako ordezkariei. Hauek uko egin zioten, beste alternatibarik ez zutelako. Epaitegiek arrazoia eman zioten Poulouri eta kanporatzea egin zuten, alde egiten ez zuten egun bakoitzeko 100 euroko isuna ezarriz, gainera.

Beste eraikinik ez eta leku berean jarraitu zuen Kaskaroteneak. Argindarra kentzea erabaki zuen orduan Poulouk eta lehendik ordainarazten zien eguneko 100 euroko isuna 400ra igotzea.

Elkartasun ekimenen garaia izan ziren hurrengo aste eta hilabeteak. Manfiestazio jendetsua izan zen azaroan, 6.000 pertsona inguru batu zituena. Udalari Kaskaroteneako ordezkariek eskainitako aukera guztiei muzin egin zien alkateak eta azkenean, lur eremua erostea erabaki zuten Seaskak eta ikastolaren sustatzaileek.