Kortxoenearen eraistea aurreko gobernu taldeari egotzi dio Donostiako Udalak
Uztailaren 14ean eman zion Donostiako Udaleko Hirigintza sailak baimena eraikinaren jabeari Kortxoenea bere baitan duen eraikina eraisteko. Hala ere, Udalak dio aurreko legealdian onartutako birpartzelazio proiektu baten ondorio dela eraistea. Gaztetxe honen eraistea, beraz, aurreko gobernu taldearen jardueraren ondorio dela dio Eneko Goiak zuzenduriko gabineteak.
«Bere jabego-eskubideak jarraituta, promotoreak baimena eskatu zuen Indianoene kaleko eraikina eraisteko. Donostiako Udaleko Hirigintza sailak baimena eman zion uztailaren 14ean eta, beti, hirigintza- eta zuzenbide-baldintzak beteta». Hala dio EAJ eta PSEk gidatzen duten Donostiako Udalak igorri duen oharrean. Eraisteko baimena orain bi hilabete eurek eman zuten arren, aurreko legealdian onartutako birpartzelazio proiektu baten ondorioa dela dio Udalak.
Oharrean berretsi du Udalak ez dela bere jabetzako eraikina eta «ondorioz, jabeak erabakitzen du eraikinarekin zer egin». Eneko Goiaren gobernuaren arabera «lehengo Udal Gobernuak sustatu zuen proiektua eta, ondorioz, eraistea aipatutako hirigintza-plangintzaren ohiko hirigintza-izapidetzearen ondorioa da».