INFO

Eunate Arraiza

«Guztia da posible». Ez da iragarki baten lema, ez. Zailtasunez gaindi, gorengo mailan jokatzen duen futbolari baten hitzak dira. Eunate Arraizak entzumen arazoak ditu, baina traba hori ez da nahikoa izan bere ametsa betetzeko. San Mames zaharrean eta Anoetan jokatu du, eta Athleticekin Liga eta Kopa irabazteko zorian egon da.


Futbolak topiko asko gordetzen dituela jakina da. Azaletik aztertuz gero, jakina. Sakondu nahi izanez gero, ordea, istorio edo historia politak bila ditzakegu. Horren erakusle da, hain zuzen, Eunate Arraiza. Lehen Mailan jokatzen du, egun Athleticen elastikoa defendatuz. Bada, gorengo mailan jokatzen duen jokalari gor bakarra da bera. Txikitan –ez dakite jaiotzez edo txerto baten ondorioz– entzumen arazoak hauteman zizkioten biurrundarrari. Hau da, guztiz gorra dela konturatu ziren. «Inplante koklearra egin zidaten eta audiofono bati esker egoki moldatzen naiz. Horiek gabe ez dut ezer entzuten», azaldu du.

Inplanteei esker egunerokotasuna eramangarriagoa dela aitortu du: «Behintzat horrela mundua entzun dezaket». Argi eta garbi mintzo da, modu zuzenean, inolako lotsarik edo konplexurik gabe. Eta harro dago lortutakoaz. Kontziente da zaila izan dela, baina oraindik ez da nekatu, borrokatzeko asko gelditzen zaio. «Gorengo mailan jokatzen ari naiz, eta gorra izatean badakit meritu handiko lorpena dela. Egunetik egunera borrokatzen dut futbolean jokatzeko eta entzuteko», azpimarratu du. Izan ere, audiofonoek zein inplante koklearrak ez dituzte arazo guztiak konpontzen. Bizkarrez hitz egiten badiote ez du ondo entzuten, «edo atezainak zerbait esan eta goian nagoenean», jakinarazi du. Oztopoak dira, «baina zure aldetik posible den guztia eginez gero, gainditzen dira».

Ez dira hitz hutsalak, eragozpenak gainditu dituen batek esanak baitira. Eskarmentu handiko jokalaria da Eunate Arraiza, eta, horregatik, agian, dago hain ziur guztia dela posible: «Bizitza honetan ezinezkorik ez dagoela argi eta garbi daukat». Gortasunetik harago, emakumea eta goi-mailako futbolaria izatea ere ez da batere samurra. «Futbolaria izaten saiatzen naiz», dio irribarretsu eta umiltasunez, kirol honekiko grina txikitatik izan duela gaineratuz.

Kemen horrek, hain zuzen, Lagunak talde nafarrarekin Lehen Mailan debutatzera eraman zuen 14 urte besterik ez zituela (2006ko martxoaren 5ean). Azken urteetan gorengo mailan izan den debut goiztiarrena izan zen. «Oso oroitzapen onak ditut; Oviedo Modernoren aurka 2-0 irabazi genuen. Umea nintzen eta izugarrizko aldaketa suposatu zuen, entrenamendu batzuk eginak bainituen lehen taldearekin baina berez Lurralde Mailan jokatzen bainuen, bi maila beherago», jakinarazi du.

Liga irabazteko ametsa

Bederatzi urte eta bost hilabete igaro dira Eunate Arraizak Lehen Mailan aurreneko baloia ukitu zuenetik. Egun, 24 urte ditu eta Athleticen bere laugarren denboraldia jokatuko du. «Ez nuen espero Athleticen jokatzea, klub handia izaki», onartu du biurrundarrak. Lagunak talde barañaindarrean aritu zen 8 urte zituenetik, 20 urterekin taldeko giltzarri izatera iritsi arte. Ez zuen pasatzen utzi klub zuri-gorriaren trena. Gainera, orduan Lagunak taldeak asko sufritu behar izaten zuen maila mantentzeko: «Urtetik urtera gero eta jokalari gehiagok uzten zuten, arrazoi ezberdinak tarteko, eta taldearen mailak beherakada handia jasan zuen. Urtero azken jardunaldira arte, azken minutura arte, borrokatu behar izaten genuen Lehen Mailan jarraitzeko», dio Biurrunekoak.

Orain, ordea, garaikurrengatik borrokan ari da Arraiza, Athleticeko kideekin batera. Azken lau urteetan oso gertu eduki dute bai Liga eta bai Kopa zuri-gorriek, baina azken unean eskuetatik ihes egin die tituluak. 2013an, adibidez: «Ondo gogoratzen dut Bartzelonaren aurka azken jardunaldian San Mamesen jokaturiko neurketa. Guk abantaila txiki bat geneukan, berdinketa nahikoa baitzitzaigun Liga irabazteko, baina, azkenean, huts». Ez daki zer pasatu zitzaien. Beharbada ikusle askoren aurrean jokatzeak urduritasuna areagotu izana gako izan zen, baina ez dio inolaz ere Bartzelonari meriturik kendu nahi. Erreginaren Kopa irabaztetik ere hurbil izan ziren 2014an, baina Bartzelonaren aurka penalti jaurtiketetan galdu zuten.

Hori bai, Arraizaren benetako ametsa Ligako garaikurra altxatzea da. «Niretzat pertsonalki Liga garrantzitsuagoa da: urte guztian horretarako entrenatzen dugu eta txapelketa talde erregularrenak eskuratzen du», aitortu du. Azken urteetan gertuen eduki duten titulua izanik, gogotsu dago ametsa errealitate bilakatzeko. «Bai, bai, aurten ere Liga irabazteko prestu gaude», dio nafarrak, zalantzak uxatzeko. Izan ere, aurten Athleticek aldaketa asko jasan ditu –entrenatzaile berria tarteko– eta gazteenek protagonismo gehiago izatea espero da. Arraizak konfiantza itsua dauka bere taldean, «eta ea, behingoz, lesioek errespetatzen gaituzten», dio amorraturik, iazko emaitza txarrak gogora ekarriz.

Taldez aldatzeak ez zuen elastikoaren aldaketa bakarrik ekarri. Lagunaken ohituta zegoen goleatzaile izatera, ezker hegalean edo aurrelari gisa aritzen baitzen; Athleticen, aldiz, batez ere iazko sasoian, postua atzeratu zioten. Baina, era berean, norgehiagoka guztietan –bakar batean izan ezik– hasierako hamaikakoan izan zen Arraiza: «Pertsonalki nire denboraldi onena izango zen ziurrenik, baina ez da muga, gehiago eman baitezaket».

Golak ez zituen egin, baina asistentziak ematen trebe aritu zen, area barnean Nekane Diez edo Erika Vazquez bezalako aurrelari trebeak izatea lagun. Jakitun da bide horretatik ere taldea laguntzen duela, «eta gustatzen zait. Jokatzen dudan bitartean, eta taldea laguntzen dudan heinean, seinale ona izango da».

Nafarroako egoera ahula

Hobetze aldera, Nafarroan emakumezkoen futbolak bizi duen egoera aldatuko luke biurrundarrak. Berak Lagunak taldea utzi eta segidan, hurrengo denboraldian, Bigarren Mailara jaitsi zen. Osasunak, berriz, diru arazoak tarteko emakumezkoen taldea desagerrarazteko neurriak hartu zituen, Donibane kirol elkarte iruindarrak ere zilarrezko mailari uko egin zion... Hori guztia azken hiru denboraldien buruan gertatu da. Baina bada argi pixka bat jarri duenik ere: «Mulier FCN orain Bigarren Mailan dago eta nabari da etorkizun hurbilean gorengo mailan egotea dutela xede».

Egoera hobetzeko giltzarria, ezinbestean, klubek zein erakundeek emakumeen futbolean arreta gehiago jartzean dago Arraizaren aburuz. «Eta jokalari apartak etxean mantentzean», gehitu du irmo. Izan ere, bera bezala, hainbat nafarrek, «arrakastaren» bila Athleticera jo dute, baita Bartzelona, Rayo Vallecanora edo Ameriketako Estatu Batuetara ere. Harrobi ikaragarria du Nafarroak. Lagunak bera Erreginaren Kopako txapeldunorde izan zen hiru urtez (1998an, 2000an eta 2006an). Harrobia gehiago zainduz gero orain emakumezkoen nafar futbola bestelako egoera batean litzake Arraizaren ustez.

Gutxika egoera hobera doala-eta, horrela jarraituz gero, laster Lehen Mailak talde nafar bat izango duela ziurtatu du. «Ni hori ikustearekin konformatzen naiz», azpimarratu du Biurrunekoak. Hala gertatuz gero ea «etxera» itzuliko litzatekeen galdetzean, ez daki zer erantzun eta, profesionaltasunez, uneotan Athletic besterik ez duela buruan jakinarazi du.

Liga hasiera malkartsua duen sasoi honetan itxaropentsu dago. Garaikurra altxatzeko ametsa bete lezake, baita –zergatik ez?–, etorkizun hurbilean, nafar talde baten igoera ikustekoa ere. «Guztia da posible».