Manifestaldia deitu dute larunbaterako Bilbon, Kukutzaren baitako epaiketa berri baten harira
Datorren astean 19 lagun epaituko dituzte Kukutzaren hustean eman ziren istiluengatik. Honen aurrean, mobilizazioa deitu dute larunbaterako Bilbon, 18:00ean. Orduan Ertzaintzak, EAJk, Bilboko Udalak eta Cabisa enpresak izan zuten jarrera salatu dute.
Hilaren 14 eta 16an, datozen astelehen eta asteazkenean, 19 lagun epaituko dituzte, Kukutza bota zuten egunean izandako istiluetan «desordena publikoa» eta «erresistentzia» egitea leporatuta. «Froga bakarra poliziaren atxiloketa aleatorio haiek dira», adierazi du Kukutzarekin Elkartasun Taldeak ohar baten bidez.
«Denok dakigu nolako jarrera basati eta oldarkorra izan zuen ertzaintzak egun haietan eta bortizkeria polizial hori nolabait justifikatu beharra daukate. Oso merke ateratzen zaie gainera, hamarnaka gazte jipoitu, inputatu eta epaitegira bidali, erraza», gaineratu dute.
Urtarrilean 23 lagun epaitu zituzten, eta haietako batek hiru urteko espetxe zigorra jaso zuen. Kasu honetan helegitea jarrita dagoela gogoratu dute. «Epaitu gabe geratuko dira, ordea, eraikinarekin espekulazio higuingarria egin duen Cabisa enpresa, maniobra espekulatibo antisozialetan ardura osoa duen eta Kukutza botatzeko indar guztia egin duen Bilboko Udala eta EAJ alderdia, Errekalde auzoan hiru egunez terrorea hedatu zuen Polizia Autonomikoa eta erakunde hauetako arduradun diren eta izen-abizena duten handiki guztiak», salatu dute.
Honela, hiriak eta herriak «salgai huts» bilakatzen dituztela nabarmendu dute.
Horren aurrean, «autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde» deialdia egin dute larunbat honetan Bilbora joateko, Kukutzako auzipetuen aldeko manifestazioan parte hartzeko. 18:00ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik.