ZIURGABETASUN UNEA... BAITA APUSTU HANDIENA ERE
Ipar Euskal Herrikoak izan ziren lehenak ikasturteari ekiten (joan den astean); atzo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko haur eta gazteak itzuli ziren ikasgeletara eta bihar nafarren txanda izanen da. Hezkuntza eragileen laguntzaz osatutako argazki bat duzue hau.
Ziurgabetasuna da ikasturte hasiera definitzeko eragileek erabili duten hitz bat argazki bat egiteko ikuspuntua galdetu diegunean. Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko (Ehige) koordinatzaileak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ezaugarri hori aipatu dute.
Nafarroan gobernu berri bat dugu, ez dakigu Estatu mailan zer gertatuko den Lomcerekin, ikusteko dago Seaskako ikastolek legearen aitorpena jasotzen duten… Apustu handien garaia ere bada, Tellituk azpimarratu duenez. «Ziurgabetasuna aprobetxatu behar dugu herri eragile guztion artean hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko».
Kurtso berria, zoritxarrez, arazo zaharrekin hasiko dela dio Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak. Baina, Bego Bitorika idazkari nagusiak adierazi duenez, gogoz eta ilusioz ekin nahi diote lanari.
«Werten legea» joan den ikasturtean hasi ziren aplikatzen Hego Euskal Herrian eta aurten segida emanen zaio Lehen Hezkuntza osoan, DBHko 1. eta 3. mailetan, Batxilergoko 1.an eta Lanbide Heziketan. Argitzeko dago DBH eta Batxilergoko errebaliden gaia, baita Lehen Hezkuntzako 6. mailako azterketa nork prestatuko duen ere. Hagitz arrakastatsua izan zen gurasoen plantoa, eta orain ere hala izanen delakoan dago Imaz.
«Bestalde, zer gertatuko da Lomce bertan behera geratzen bada Espainiako hauteskundeen emaitzen ondorioz? Berau aplikatzen duten Heziberri dekretuekin jarraituko dugu?», planteatu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Heziberri prozesuaren azken fasearen zain dago Sortzen, hau da, lege berriaren esperoan. Baina, oraingoz, ez daki noiz eta nola bideratuko den. Prozesu honek parte hartzeko eman duen «aukera eskasa» oroitu du Bitorikak, eta «oraingoan benetan denon artean landu eta adostutako lan bat izatea» espero du eta eskatuko du.
Telliturentzat ere hezkuntza legea bultzatzean du balioa Heziberrik, baina, tamalez, gaia nahiko geldirik dagoela dio.
Digitalizazioa
Ehigeko koordinatzailearen arabera, eskola-materialen digitalizazioa da bertze gai klabe bat. «Orain arte testuliburuen programa solidarioa izan dugu eskola publikoan eta trantsizio garaian gauden honetan beharrezkoa da ezaugarriak mantentzea: unibertsaltasuna, solidaritatea, jasangarritasuna...». Ikasturte honetan abian jarriko da digitalizazioa eta aldaketak izanen dira. Ikasmaila batzuetan material berriak erosteko Hezkuntza Sailaren ekarpena jaitsiko da.
«Gure ustez, ezinbestekoa da digitalizazioan pausoak ematea, baina buruhausteak ekarriko ditu hasieran, hainbat arlo zintzilik baitaude: azpiegiturak, irakasleen prestakuntza... Egoera honetan ezinbestekoa da konfiantza giroa eskaintzea ikasle eta familiei, eta ez uztea gurasoengan aldaketa honek dakarren gain-kostua», defendatu du.
Eskola-jantoki osasuntsu, hurbil eta justuagoen alde pausoak ematen jarraitu behar dela ere azpimarratu du.
Imazek jakinarazi duenez, Ipar Euskal Herriko sare publiko elebiduneko gurasoen federazioak lanean segitzen du gurasoak sare elebidunera erakartzeko. Ikasleen euskara maila hobetzeko, “Emazu eskua” proiektua sortu zuten joan den ikasturtean eta aurten Bidasoaren bi aldeetako ikastetxeen arteko harremanak sendotzen segituko dute.
Ikastolen Elkarteko lehendakariak Seaskako ikastolen egoera aipatu nahiko luke. «Hutsaren hurrengoa da erakundeen aldetik jasotzen duten laguntza. Eta bultzada premiazkoa da euskarazko hezkuntza normalizatzea nahi badugu».
Nafarroara pasatuz, Sortzenentzat D ereduaren zabalpena da erronka nagusia eta urteetan hau aldarrikatzen ibilitako herri eta zonaldeekin elkarlanean arituko da (aurten Abartzuzako eskolan eredu hau ezarri dute ofizialki). Itxaropen handia piztu du aldaketa politikoak eta ikastolek ere esperantza hori partekatzen dute. Euskararen Legearen bidez gure hizkuntza lurralde osoan ofiziala izatea erronka handitzat dute. Arlo ugari ikusten dituzte konpontzeko, besteak beste ikasmaterialak, Ikaselkarreko liburuak doakotasuneko programatik at baitaude.
Ingelesa ikasteko IIP edo PAI programari buruz, Sortzenen aburuz gauzak ez dira ongi egin aurreko gobernuekin: «D eredua deuseztatzera bideratu dute programa, eta gainera emaitzek erakutsi digute gaizki antolatutako desastrea izan dela». Bestelako eredu bat posible dela argi du elkarteak, «atzerriko hizkuntza ikasteko programa serio bat, kalitatezkoa eta ikastetxe bakoitzaren errealitatea errespetatuko duena, irakasleak formatuko dituena eta ikasleak izanen dituena azken helburu gisa». Hezkuntza komunitateak eztabaida serio bat egin behar duela deritzo, Tellituk bezala.
Aurrekontuak, gakoa
Hain zuzen ere, Steilasek lehen bilera egin du Jose Luis Mendoza sailburuarekin eta pozez hartu du IIP edo PAI programak ebaluatzeko erabakia. Bat dator hezkuntza publikoa sustatzeko konpromisoan ere, eta Gobernu akordioko hainbat puntu urtero eskatu izan dituenak dira: Lanbide Heziketa hobetzea (euskarazko eskaintza handitzea eta Lanbide Heziketa Duala aurreikustea); kudeaketa publiko eta komuna egitea 0-3 zikloan; eta helduen prestakuntza bultzatzea.
Ikasturte hasiera honetan urgentziazko honako gaiei heltzeko beharra ikusten du Steilasek: ratioak (2012an %20ko igoera izan zen. «Atzera egin behar da berehala, eta beharrezkoa den kasuetan ikasle taldeak bikoiztu»); ordezkapenak («Inposatutako irizpideak aldatu behar dira»); eta Lan Eskaintza Publikoa zehaztea (baliteke Nafarroako Gobernuak urrian Lan Eskaintza Publiko bati buruzko informazioa ematea. Ofizialki urte bukaeran edo 2016 hasieran deituko luke udan egiteko); eta aurrekontuetan partida egokiak onartzea beharrei erantzuteko. Sindikatuak azaldu duenez, irailaren bukaeran edo urriaren hasieran Gobernu berriaren konpromisoak isla izan behar du aurrekontuetan: «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko aurrekontu egokiak behar ditu hezkuntza politikak».
Sailburuak Lomce indargabetu nahiko luke, baina oraingoz aplikatu egin beharko du. Aitzineko Hezkuntza Sailak «egituratuta eta itxita» etorri zaie kurtso hasiera eta hezkuntza komunitatearekin bildu ondotik egoera orokorra «urgentziaz aldatu eta hobetu» behar dela ikusten dute.
EKI ETA «IKASLE EUSKALDUN ELEANIZTUNAK SORTZEN», HEDATZEN ARI DIREN BI PROIEKTU
Ikastolen Elkarteak honako erronka jarri dio bere buruari: «Euskal curriculumaren diseinua burutu eta ikasgeletara eramatea». Urteetan ari dira paperezkoarekin, eta aurten DBHko lau mailetan izanen dute EKI proiektua. Euskarri digitalean ia 40 ikastolatan landuko dute era esperimentalean. EKI digitala apustu bat da, baina beraientzat euskal curriculumaren proiektua bera da garrantzitsuena. Ikaselkarren bidez egiten ari dira eta ikastola guztietara zabalduta dago. Badira aurrera eramaten ari diren kristau eskolak eta eskola publikoak ere, Euskal Herri osoari eskainitako proiektua baita.
Bestalde, Sortzenek “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” proiektuaren hurrengo faseari ekingo dio Diman eta Egian, eta egitasmoa hedatzen jarraituko du. Hamarratz artelan-auzolanak ere handitzen segituko du. Herri eta ikastetxe gehiagotara zabalduko dira forma hartzen hasi diren instalazio erraldoiak.
Nola ez, tokian tokiko borrokak eta lanak ere izanen ditu esku artean euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak: jantokiak, eredu partekatuak dituzten ikastetxeak, haur eskolak euskaraz, landa eremuko eskolak, azpiegitura arazoak dituzten ikastetxeak…
Aldarrikatzen duen euskal eskola publiko berriaren ezaugarriak eta horiekin martxan dituzten hainbat eta hainbat proiektu eta eztabaida ere erakutsi nahi ditu aurten.M. I.