Athleticek, Realak eta Oiartzunek asteburu borobila sinatu dute euskal taldeentzat
Hirugarren minutuan aurreratu ditu txuri-gorriak Irene Paredesek eta gol horrek hiru puntu eman dizkie bizkaitarrei. Garaipen honekin (1-0) sailkapen buruan mantenduko dira Joseba Agirreren neskak. Buruan Realarekin batera, zeinek Valencia garaitu duen (1-2). Oiartzunek euskal taldeen asteburu borobila osatu du Santa Teresari 3-2 irabazi eta gero.
Irene Paredesen gol bati esker Athleticek Rayo menderatu du Lezaman. Hasi eta berehala egin du gola atzelari legazpiarrak, hirugarren minutuan, eta nahikoa izan dute bizkaitarrek gol honekin hiru puntuak etxean mantentzeko.
Iraia Iturregik atera du kornerra eta Paredesek zulatu egin du bisitarien atea. Garaipen honekin, Joseba Agirreren neskak sailkapen buruan mantenduko dira, bost jardunalditan lau partida irabazi eta bat berdindu eta gero.
Zenbaki berdinak ditu Realak. Gaurkoan, bederatzigarren minutuan aurreratu da markagailuan, Paola Soldevillaren gol bati esker. Bigarren zatiaren hasieran berdindu dute partida etxekoek, baina 73. minutuan Maria Diazek behin-betiko 1-2koa egin du.
Azkenik, Oiartzunek partida ero bat irabazi du. Santa Teresa aurreratu da lehen zatian, 24. minutuan, baina 33. minuturako iraulia zuten markagailua gipuzkoarrek eta atsedenaldira 2-1koarekin iritsi dira. Bisitariek azken minututan berdindu dute norgehiagoka eta bazirudien puntu banaketa izanen zela, baina 92.mintuan hirugarrena egin dute euskaldunek eta puntuak etxean geratu dira.