INFO

Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez aske geratuko dira, zigorra osorik beteta

‘Bateragune’ auziagatik espetxeratu zituzten Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez aske geratuko dira gaur, sei urteko espetxe zigorra osorik beteta. Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek preso jarraitzen dute, zigor luzeagoak ezarri zizkieten-eta.

Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez aske geratuko dira gaur. (NAIZ)

LABeko Donostiako Igarako egoitzan hasi zen Polizia operaziotik sei urte igarota, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek Valladolid, Estremera eta Logroñoko espetxeak utziko dituzte gaur, sei urteko zigorra osorik beteta. Sei hilabete gehiago egin beharko ditu preso Arnaldo Otegik, eta ia bi urte Rafa Diezek.

Rodriguezen eta Jacintoren kasuan, bere garaian komisarian beste auzi batzuengatik pasa zituzten egunak –ondoren absolbitu egin zituzten sumario horietan– deskontatzeko eskatu zuen defentsak, baina Auzitegi Nazionalak erantzun ere ez die egin, nahiz eta eskaera duela hilabete batzuk egin zuten.

Iazko uztailean Auzitegi Konstituzionalak bost zigortuek ezarri zuten babes helegitea atzera bota ondoren eta Estatu espainolean bide judizial guztiak agortuta, defentsak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen, baina oraingoz jaso izanaren adierazpena besterik ez dago eta epaitegiak ez du erabaki auzia tramitera onartuko duen ala ez. Beraz, egunen batean Estrasburgok errugabetuko balitu ere, epaiak ez luke eragin praktikorik izango zigorrengan, denak kalean egongo baitira ordurako.

Zabaleta, Jacinto, Rodriguez, Otegi eta Díez ezker abertzalearen estrategia politikoaren aldaketaren bultzatzaileak ziren atxilotu eta espetxeratu zituztenean. Sei urte geroago, oso bestelakoa da eszenatoki politikoa 2009koarekin alderatuta, neurri handi batean haien ekimenari esker.