Gasteizko Parlamentuan Kataluniari buruzko monografikoa egitea proposatu du EH Bilduk
Kataluniako egoerak sortu duen giro politikoari eta ireki dituen aukerez eztabaidatzeko asmoz, osoko bilkura monografikoa egiteko proposamena erregistratu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean. Estatu espainola «desegiten» ari dela baieztatu eta «abagune historikoa» aprobetxatzeko deia egin du koalizioak.
Gasteizen eginiko agerraldi batean, Kataluniako indar independentistek atzo izenpetu zuten agiriaren garrantzia azpimarratu dute Adolfo Araiz eta Hasier Arraiz EH Bilduko kideek, «herritarren gehiengoaren borondateari jarraituz, Kataluniako errepublika independientea eratzeko lehen urrats instituzional praktiko eta esanguratsua eman zutelako».
Atzoko urrats hori, EH Bilduren aburuz, Estatu espainola «desegiten» ari dela erakusten du. «Espainiako estatua krisi politiko eta instituzional larrian murgilduta dago aspaldian, ez delako gai herritarren egiazko premiei erantzuteko eta aintzinako parametro ukatzaileetan kokatzea nahiago duelako», azaldu dute.
Era berean, Kataluniatik egindako urratsari eman dion erantzunak Estatuaren «izaera antidemokratikoa» agerian utzi duela azpimarratu dute, «demokrazioan oinarritutako etorkizuna» eraiki nahi duten herrien eta herritarren aurrean «mehatxua eta inposizioa» erabiltzea egotzita.
Arraiz eta Araizen esanetan, krisi horrek zabaldu duen «abagune historikoa» baliatu beharra dago Euskal Herrian. «Aldebikotasunaren eta akordioaren bidea heldu da helmugara. Porrot egin du», azpimarratu dute.
«Zentzu horretan –gaineratu dute–, Iruñeko eta Gasteizko parlamentuek erabaki beharra daukate Espainiako Estatuak herri honen gainean ezarrita daukan inposizioa eta mendekotasun eskemako beste pieza bat gehiago diren edo gizarte honen gehiengoak demokratikoki adierazitako borondatea praktikan jartzeko bitartekoak izango diren».
Hori dela-eta, Kataluniako egoera politikoaz eta ireki dituen aukerez eztabaidatzeko, osoko bilkura monografikoa egiteko proposamena erregistratu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean.
«Herri honen etorkizuna jokoan daukagu eta, abagune historikoa kontuan izanda, belaunaldi honi dagokio gure prozesu eratzailea muturrera eramatea eta Euskal Estatu independientea eratzea», aldarrikatu dute.