INFO

Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa herriari emango dio Bergarako Aranzadi ikastolak

2016ko Kilometroak jaia Bergarako Aranzadi ikastolak antolatuko du. Urriaren 2an ospatuko da eta ikastolako zuzendaritzak bai helburu soziala bai ekonomikoa nabarmendu ditu aurkezpenean. Ostiralean egingo dute aurkezpen nagusia.

Bergaran Aranzadi ikastolan ospatuko dute Kilometroak 2016.

Bergarako Aranzadi ikastolak antolatuko du 2016ko Kilometroak jaia, hirugarrenez, hurrengo urteko urriaren 2an. Gaur egindako aurkezpenean zuzendaritzak adierazi duenez, bi helbururekin ekin diote lanari.

Alde batetik, soziala: «Urte honetan zehar eta jaian bertan adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan». Eta bestetik, ekonomikoa: «Bi eraikinetan egotetik baten egotera pasatu behar izan genuenean, obra handi bati ekin behar izan genion, 300 ikaslerentzat lekua egin behar zelako eta baita eraldaketa pedagogikoa aurrera eramateko instalazioak egokitu ere; beraz, dirua obra ordaintzeko eskatutako maileguak ordaintzen laguntzeko izango da».

Aranzadi ikastola 500 familiak, 712 ikaslek eta 62 profesionalek osatzen dute. Argitu duenez, uda aurretik hasi ziren lanean. «Dagoeneko, 15 batzorde sortu ditugu eta horietatik buru-belarri ari dira lanean arropa salmentakoak, berehala hasiko dira herriz herri arropa polita eta osagarriak saltzen; denda prestatu, atondu eta azaroaren 6rako gertu izateaz arduratzen den muntaia taldea; kultura eta ikuskizunak ere topetara dabiltza aurkezpen ekitaldia antolatzen; komunikazio taldea, noski».

Izan ere, azaroaren 6an egingo dute aurkezpen nagusia. «Lekukoa herriari emango dio Aranzadik eta momentu horretatik aurrera urtebetez Kilometroen zaintza eta jabetza Bergara herriarena izango da. Horrekin batera, logoa eta leloa aurkeztuko dira», gehitu du.