Interneteko domeinu nagusietan dauden webguneen %17ak erabiltzen du euskara
PuntuEUS Fundazioak PuntuEUS Behatokia aurkeztu du, zeinek euskal hizkuntzak interneten duen presentzia eta osasuna aztertzea duen helburu. Eman dituzten datuen artean, nabarmentzekoa da interneteko domeinu nagusietan dauden webguneen %17ak erabiltzen duela euskara. Bestetik, .EUS domeinuak 5.000 izatera iristeko erronka abiatu dute.
PuntuEUS Behatokiaren arabera interneteko domeinu nagusietan (.eus, .com, .es edo .org) dauden webguneen %17k erabiltzen du euskara, bataz beste. Adierazi dutenez, «kalean baino zerbait gehiago, baina ez asko». Honen arabera, euskararen kale erabileraren, azken neurketaren arabera, %13,3koa da-eta.
Gaur PuntuEUS Fundazioak Bilboko Kafe Antzokian PuntuEUS Behatokia. Honen egitekoa euskarak interneten duen presentzia eta osasuna aztertzea da, «modu kuantitatibo zein kualitatiboan». Horretarako 3 alor neurtuko ditu: .EUS domeinuaren egoera, internetek Euskal Herrian duen presentzia eta euskararen egoera interneten.
Interneteko lehen mailako domeinu nagusietan euskarazko edukia duten webguneen ehunekoa aztertuta, adierazi dutenez, «nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien duena». Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa da eta euskararik ez duten domeinu kopurua %12an kokatzen da. «.EUS domeinua da euskararen arnasgune digitala», gehitu dute. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 4.500ek .EUS domeinua erabiltzen dute.
Bestetik, .EUS domeinuak, urtea amaitu baino lehen 4.500 izatetik 5.000rako jauzia egitea dute jomuga. «Erronka honetan 500 domeinu izen berri erakarri nahi dira euskararen komunitate digitalera». Honetarako, abenduaren 3tik, euskararen eguna baliatuz, eta urtea amaiera arte, 9,95 eurotan eskuratu ahal izango da domeinua, ohi baino %80 merkeago.