Durangabe
Euriari amore eman dioten oinetakoen azpian bustitako galtzerdiak: ehun milioi pare. Egun osoan buelta-bueltaka ibiltzearekin nazkatuta «noiz goaz etxera?» esan duten haurrak: milaka batzuk. Saldu gabe geratu diren kroketak, Centro Palentino Castellano Leones eta inguruko tabernetan: ehunka urdaiazpikodunak eta antzera bakailaoarekin egindakoak. Aurreztutako bexamel tonak: milatik gora (Brent) kupel.
Garagardo batzuen inguruan esan diren euskal kulturari buruzko esaldi handinahiak, Richter eskalan 0,1eko puntuazioa dutenetatik hasita (idazten ote zauden / zer idazten zauden galdetzea) eta 6,9raino (bertan ez dagoen sortzaile bati labanaz baina-ren bat jartzea / hantxe bertan dagoen sortzaile bati gurinaren aiztoaz baina-ren bat jartzeaz).
Abenduko lehen egunetan «dena prest azokarako» esan behar izan duten kazetari gogaituen hasperenak: batek daki. Handik lau-bost egunetara «ordu gutxi falta zaizkio…» edo «aurtengo salduenak…» esaldiekin kronikak bukatu dituzten esatarien eguna amaitzeko gogoa: haiek baino ez dakite zenbatzen.
Urtean behin elkar ikusten duten lagunek egindako gaupasak eta urteko gau luzeenei kendutako lo-orduak: kontatzeko gehiegi, zorionez.
Idatzi beharrean musika ikasi izan balute zerbait sinatuko zutela pentsatuta erakusleihoan ezer egin gabe orduak pasatu dituzten idazle erdi-lotsatuak: erakusleihoetatik pasatzen diren irakurleek uste dituztenak baino nahikotxo gehiago. Euskal kulturaren urteko bilgunerik garrantzitsuena abenduan eta Euskal Herriko herririk hotzenetakoan egitea nori otuko zitzaion pentsatu duten herritarrak: ez naiz neu bakarra izango!
Krisiren baten itzaletan bizi izan ez diren azokak (euskalgintzarenak, politikoak, ekonomikoak, liburu digitalarenak, argitaletxeenak, azokaren beraren antolakundeari / formatuari / helburuei buruzkoak, Euskaltzaindiko gramatika batzordearenak…): egunkari hau ixterako orduan, bakar bat ere ez. Egomaniaren ezpata-dantzarako adorerik gabe etxean geratu diren idazleak, musikariak, sortzaileak: egoimila batzuk.
Gehiegitan liburuena balitz bezala tratatzen dugun arren, liburu eta diskoen azoka honek musikari eta musikagileei zor dien guztia (Ahotseneari, Kafe Antzokiko zuzenekoei, beste hainbat tokitako kontzertu txikiagoei, Durangora hurbiltzeari rock and roll-aren esanahia ematen dieten guztiei): Uf! Ezin da esan ere egin.
Eta, jakina, azoka hobetzeko eta osatzeko, kulturgunetik erromeriara eta erromeriatik kulturgunera eramateko bota diren izerdiak eta orduak, egin diren ekitaldiak, tailerrak, ahaleginak, bilguneak, kontzertuak, hitzaldiak eta tortilla pintxoak: egun hauetan erakusleihoetan eta horien atzean lanean ari direnen irribarreetan nabaritu daitezkeenak baino gehiago, ziur aski.
50 urte hauetan Durangoko azoka existitu ez balitz euskal kultura zer litzatekeen galdetu didate eta ez dut kalkulua egiten asmatu. Ez naiz matematiketan oso abila ezta historia-fikzioaren generoan ere. Beharbada posible da ariketa hori egitea baina ez da erraza. Durangoko azoka Euskal Herriak daukan kultur topagune handiena baita eta zaila da imajinatzea kultura bera nola neurtuko genukeen milaka sortzaile eta ekoizlek urte osoa hara begira antolatuko ez balute eta milaka lagunek ez balute abenduro hara bidea jarriko, herri honek bere buruarekin konpromisoak hartzeko daukan gaitasun ikaragarriari gorazarre egitera. Izan gaitezkeena amesten dugunean sortzen ditugun plazek eskain dezaketenaz gozatzera.