INFO

Autoedizioa, aukeran edo derrigor hartutako bidea?

Standetan banatutako azoka da Durangokoa. Marka baten pean, izan argitaletxe edo diskoetxe, ehunka disko eta liburu topatzen ditugu urtero Landako gunean, baina… zer gertatzen da aterki horien azpian sartu nahi ez duten edota sartu ezin diren horiekin? Eremu horretan, badu zeresanik autoekoizpenak.


Euskal Herrian, urtero hirurehun disko inguru argitaratuko dira eta horietatik berrehun ere ez dira Durangora iritsiko», ziurtatu du Koldo Otamendik, MusikaZuzenean kolektiboko kideak. Beraien standean autoekoizpenaren bidea hartu duten hainbat talderi aterpea eskaintzen diete, Durangoko Azoka den euskal produkzioaren erakusleiho horretan egoteko aukera izan dezaten. Baina ez da formula bakarra. Egunotan, zeregin berari heldu diote Bonberenea Ekintzak eta Bidehuts kolektiboek ere. Hiru esperientzia ezberdin horiek eta, batez ere, autoekoizpenaren barrunbe zurrunbilotsuak gerturatuko dizkigute egunotan stand horietan izango diren hiru kidek: lehen aipatutako Otamendik, Bonberenea Ekintzen standean arituko den Juantxo Arakamak (Glaukoma) eta Bidehutseko kide eta soinu teknikari ezaguna den Karlos Osinaga Txapek (Lisabö).

MusikaZuzenean irakurle askok ezagutuko duten web orrialdea da. Euskal Herriko musika agenda osatua eskaintzeko sortu zen eta hirugarren urtez daude Durangon. «Durangoko Azoka diskoetxeentzat dago pentsatua, ez diskoentzat, eta konturatu ginen autoekoizpenaren bidea aukeratzen zuten taldeek ezin zutela bertan egon», azaldu du Otamendik. Azken bost urteetan, Berri Txarrak, Gatibu edo Esne Beltza bezalako zenbait taldek euren standa izan dutela argitu du, baina kasu horietan, «errentagarria zaielako» egiten dutela zehaztu du: «Mila euro inguru balio du standak eta horri gero buelta eman behar diozu... Standa eta atzean dauden gastuak ordaintzea ez da erraza eta horrek zenbait talde Durangotik kanpo uzten ditu. Horregatik, stand bat hartzen dugu, taldeek kuota bat ordaintzen dute, Durangon daude, eta saltzen diren diskoen etekinak eurentzat doaz». Baldintza bakarra diskoa autoekoizpen bidez eta urtean argitaratua izatea da.

Oso bestelako funtzionamendua dute Bonberenean. Arakamak argi dio: «Bonbereneak estudio bat du, baina ez da diskoetxe bat, gaztetxe bat da, plataforma autogestionatu bat», eta bertan duten estudioak ere gisa horretan funtzionatzen du. Euren diskoa Bonberenean grabatzen duten taldeek erabakitzen dute Bonberenea Ekintzak zigilua eraman nahi duten edo ez; baiezkoa hautatzen dutenei, promozioa, banaketa eta beste hainbat zereginetarako babesa eskaintzen diete eta ezezkoa diotenek euren bidea hartzen dute.

Standean, aurtengo zazpi nobedadeak (Anestesia, Anai-arrebak, Same Old, Glaukoma ta Band Sound, Han, Bi Bala eta Ze Esatek!) eta katalogo osoa ere izango dute (60 erreferentzia inguru), eta saltzen den disko bakoitzeko euro bat hartzen dute, gastuak ordaintzeko: «Orain arte stand-a ordaintzeko behintzat eman digu, eta horrekin konformatzen gara, talde eta kolektibo asko kalean geratzen direla badakigulako... Prezioa progresiboa izan beharko litzatekeela iruditzen zait, baina hau negozio bat da. Gu oraingoz hemen gaude, aguantatzen; ea noiz arte!».

Bidehuts, aldiz, «beharrak eta nahiak» bultzatako musikarien kolektiboa da; musikarien elkartrukerako, euren artean harremana izateko eta elkarren euskarri izateko sortutako bilgunea. Lisabö eta Inoren Ero Ni-ren (Anari barne) ekimenez sortu eta 2009tik dute euren standa Durangon. Egun, hamar musika talde eta 35 erreferentzia biltzen dira Bidehuts izenpean. «Azken batean, talde bakoitzaren ekoizpenak aurrera eraman ahal izateko mekanismoa da; ahaleginak batu eta bestelako ekoizpen bide bati ekin nahi genion. Jarrera politiko, sozial eta kultural bat ere bada. Hori bai, Bidehutsen, talde bakoitza independentea da, bakoitzak erabakitzen du zer eta nola sortu nahi duen», azaldu du Txapek.

Durangora begira, denok hartzen dute parte antolakuntzan, taldeak osatzen, txandak egiten... Auzolan hutsa, finean. Aurten, Anari, Nire eta Jupiter Jon dituzte nobedade, baina katalogo osoa izango dute standean.

Banaketaren buruko minak

MusikaZuzenean formulapean, aldiz, aurten berrogei talde daude Durangon (iaz baino hamar gehiago), horien artean Piztiak, Begiz Begi, Tutan Come On, Iker Lauroba, M.C.D., Blaka edota Seiurte. Beteranoak batzuk, “hasiberriak” besteak: «Jotzen urte asko eramateak ez du esan nahi asko salduko duzunik. Guk, jotzen hogei urte daramatzaten PAM bezalako taldeak eta bi urte daramatzaten Iseka gisakoak ditugu, baina duten arazoa berdina da finean: nola zabaldu zure diskoa, nola eraman, nola jarri salgai...». Banaketa, alegia.

Egun, disko bat fabrikatzea erraza dela dio Otamendik: «Ez duzu zertan lege gordailurik izan, diskoak ekoizten dituzten enpresa mordoa dago, SGAEren lizentzia gabe argitaratzen dira diskoak... hori guztia orain hamabost urte ez zen horren erraza». Horrez gainera, bada finantzaketarako crowdfunding ereduaren hautua egiten duenik edota softwareak eta teknologiaren gainerako aurrerakuntzak erabilita ia-ia norbere etxeko egongelan diskoa grabatzeko aukera ere hor dago. «Teknologia aurrera doa eta, onerako eta txarrerako, erabili egiten dugu. Argazkilaritzan bezala da, orain denok baikara argazkilariak, baina kalitatezkoak... Softwareekin gertatzen dena da, askatasuna saldu arren, bide bat markatzen dizutela. Beraz, badago nolabaiteko homogeneizazioa baina, tira, agian hori sortu behar da gero guk horrekin apurtzeko», hausnartu du Txapek.

Hala ere, lau bitartekorekin ia edonork fabrika dezake disko bat egun; hedapena edukitzeko modua bilatzea, hor dago gakoa. Diskoa esku artean dutela, zenbait taldek Elkar-ek sortutako Zabaltzen gisako banatzaileetara jotzen dute eta, beste batzuek, banaketa alternatibora: kontzertuak, tabernen ohiko zirkuituak eta, leku guztietara iristeko zailtasunak tarteko, gero eta gehiago Internet erabiltzen dute euren sorkuntzak zabaldu edota salgai jartzeko. «Egun diskoak saltzetik inor ez da bizi, hori argi dago», ziurtatu du Arakamak, eta formatu fisikoa hiltzat ematen ez badu ere, banaketak Interneterako noranzkoa hartua duela azaldu du: «Nik, jende askok bezala, formatu fisikoari balioa ematen diot, baina egia da Internet gero eta gehiago erabiltzen dela. Guk, Glaukoma bezala, deskarga librean ere baditugu gure diskoak, portada, letra eta guzti. Ez dugu inongo biderik ukatzen. Egun jendeak asko begiratzen du ze disko erosten duen eta zein ez eta, librean egoteak jende gehiagora iristea bideratzen dizunez, agian zure diskoa gustatu eta erosi egingo du. Orduan, disko fisikoa nahi duenak izango du eta, ez duenak nahi, hortxe ditu deskargatzeko». Antzerako iritzia du Txapek. Berak ere formatu fisikoaren maitale aitortzen du bere burua, baita Interneteko kontsumitzaile gisa ere, baina «gazte bati disko bat ematen badiozu, arraro xamar begiratu eta ‘begira, nik hori hemen doan daukat’ esango dizu, sakelakoa erakutsiz».

Banatzaile digitalena mundu berri eta oraindik ezezaguna dela uste du Txapek: «Gerta daiteke autoekoizpen bat egitea, banatzaile digital bat kontratatzea eta hurrengo egunean zure diskoa Movistar-ek saltzea...», dio. Otamendiren iritziz, aldiz, egun badaude banatzailerik gabe, norbere lana sarean zintzilikatu eta saltzeko bestelako bitartekoak. «Bandcampek, adibidez, ematen dizu plataforma eroso bat saldu ahal izateko zure diskoa modu legal batean eta garantia batzuekin, Paypal edo txartel bidez ordainduta. Diskoak digitalki zein fisikoki saltzeko modua errazten du», ziurtatu du. Arakamak, bere aldetik, Facebook eta Twitter gisako sare sozialak musika zabaltzeko bitarteko izateaz gainera zaleekin harreman zuzena izatearen abantaila dutela gaineratu du: «Guk eman nahi dugun informazioa emateko erabiltzen dugu, bitartekaririk gabe, eta entzuleekin harreman zuzena izateko. Zenbat eta bitartekari gutxiago, hobeto».

Autoedizioa, amesgaiztoa edo luxua?

Eta... bitartekari gabe aritzeak eremu labainkor horretara badarama, zergatik hautatu autoedizioa? Bitartekarien kontroletik urruntzeko bidea da? Egun norbere sormenaren jabe izatea bideratzen duen eredu bakarra da? Edo, agian, egungo merkatuan, disko bat kalean izateko aukera bakarra ote da?

Otamendik hiru erabaki molde ezberdintzen ditu: «Autoekoizten duten musika talde askok diskoetxe baten proposamena izango balute inongo zalantzarik gabe hartuko lukete. Gero, badago beste jende bat oso filosofia trinkoa duena eta beraientzat autoekoizpena ez da disko bat argitaratzeko modu bat bakarrik, bizitza filosofia bat ere bada. Ingelesezko do it yourself deitzen dena, adibidez, punk eta hardcore giroetan oso zabaldua dago».

Hirugarren multzoan «talde kontsakratuak» sartzen ditu Otamendik. Arakamak hitz egin du horietaz: «Talde asko bueltan datoz; ibilbide bat egin dute, diskoetxe batzuekin ibili dira eta, orain, autogestiora pasatu dira arrazoi ezberdinak tarteko», azaldu du. Batzuek sortzen dutenaren gaineko kontrol osoa eduki nahi dute eta, beste batzuen kasuan, «konturatu dira ekonomikoki hobeto ateratzen zaiela eurek ekoizten, diskoetxeak eskaintzen diena agian ez delako iristen beraiek atera dezaketenera». Bestela esanda, diskoetxeak tartaren zati handia bereganatzen duela.

Arrazoibide ezberdinen inguruan garbi mintzatu da Txap: «Disko bat atera eta zure buruari galdetzen diozu: ‘Eta orain zer? Egitura oso bat sortu behar dut hau aurrera eramateko? Talde batzuek zigor gisa bizi dute autoekoizpena, ez luxu bat bezala, eta luxua da zure lana zuzendu ahal izatea, zuk nahi duzun bezala osatu eta aurrera eramatea, zuk egon nahi duzun lekuetan egotea eta pasa nahi duzun lekuetatik soilik pasatzea. Nik uste dut horretaz jabetu behar garela: autoedizioa, zerbait bada, luxua dela».

 

Inoiz baino disko gehiago sarean, inoiz baino jende gutxiago kontzertuetan...

Autoekoizpena gertutik ezagutzen dutenek argi dute: egun, inoiz baino errazagoa da disko bat ekoiztea, onerako eta txarrerako. Onerako, norberak bere sorkuntzaren gaineko kontrola izan dezakeelako eta, txarrerako, autoekoizpenak, beste zenbait fenomenorekin batera, merkatuaren saturazioa eragin dutelako. «Inoiz baino disko gehiago dago eta kontzertuetara, aldiz, gero eta jende gutxiago doa», laburbildu du Karlos Osinaga Txapek. Bere ustetan, Interneteko musika kontsumoaren gorakadak eta gizarte gero eta indibidualistagoak «dena etxetik egitea» eragin dute. «Jendeak neurtu egiten du hilean zenbatetan irteten den, irrati publikoak gazteriari ematen dion hezkuntza musikala lotsagarria da, jaialdietako kultura hedatu da... Orain, musika gustuko baduzu jaialdi batera zoaz, normalean entitate jakin baten menpean dagoena gainera, eta denek hor egon nahi dute; Euskal Herrian betidanik izan dugun gaztetxeen zirkuitua galtzen ari da», ziurtatu du. Egun aisialdirako dauden «aukera ezberdinak» ontzat ematen baditu ere, honek guztiak musikari ez diola onik egiten ondorioztatu du: «Gaur egun, ADSL on bat badaukazu, gainerako guztia soberan dago».A. A.