Martutenerako martxa deitu du Sortuk hilaren 27rako, espetxe politikaren aurka
‘Askatasunaren bidean, euskal preso politikoak etxera!’ lelopean, hilaren 27an Martuteneko espetxera egingo den martxan parte hartzeko deia egin du Sortuk.
Donostian eginiko agerraldi batean, zenbait preso ohi, senide eta Sortuko kidek abenduaren 27an Martuteneko espetxera egingo den martxa aurkezteko.
Pernando Barrenak hartu du hitza eta azpimarratu du «nabarmenak eta lazgarriak» direla PPren Gobernuak euskal presoei ezartzen dien espetxe politikaren ondorioak: «senide eta lagunak astebururo erruleta errusiarrera kondenatzen dituen sakabanaketa, muturreko isolamendua, larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzea...».
Sorturen aburuz, gatazka eta bere ondorioak behin betiko ixteko «preso guztiak etxean» izan behar dira eta horretarako lehen urratsa «presoen Euskal Herriratzea eta sakabanaketari amaiera ematea da, salbuespenezko neurrien desaktibazioarekin batera».
«PPren espetxe politika kriminalarekin eta estrategia errepresiboarekin amaitzeko indarrak biderkatu behar ditugu», nabarmendu du Barrenak, mobilizazio sozialaren eta presio politiko eta instituzionala indartzearen garrantzia azpimarratuz.
Horixe izango da, hain zuzen, abenduaren 27an, igandea, Martutenera egingo duten martxaren xedea. Donostia eta Hernanitik aterako dira zutabeak eta espetxe aurrean ekitaldi politikoa egingo dute.
Bidenabar, urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioekin bat egiteko deia egin dute.