INFO

Otsaila 25a arte ez da jakingo Lorentxa Guimon askatuko duten edo ez

Dei Auzitegiak ez du otsailaren 25a arte Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasunaren kontrako helegitearen deliberoa emango. Gaur aztertu du helegitea Pariseko Zigor Aplikaziorako Dei Auzitegiak, baina ordura arte espetxean jarraitu beharko du Guimonek.

Bagoazek Lorentxa Guimonen aldeko elkarretaratzea antolatu zuen Angelun. ©Isabelle Miquelestorena

Pariseko Zigor Aplikaziorako Dei Auzitegiak gaur aztertu du fiskaltzak Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasunaren kontra ezarritako helegitea. Bere abokatuek adierazi dutenez, fiskalak erabilitako argudioak azaroaren 24ko lehen audientzian planteatu zituen berberak izan dira, besteren artean, ETAk armak entregatzen ez dituen bitartean ezin dela bere askatasuna onartu.

Xantiana Cachenaut abokatuak, berriz, legeak eritasun larriarengatik ahalbidetzen duen askatasuna lortzeko baldintza guztiak betetzen dituela errepikatu du. Epaileek osasun txosten berrituak eta osoak dituztela ere gaineratu du deliberoa ezagutarazteko epea horren luzea izatea deitoratu aitzin. Izan ere, Dei Autzitegiak ez du otsailaren 25a arte emango bere ebazpena.

Bitartean, Guimonek Renneseko espetxean segituko du. Gaur, 19.00tan Angeluko Herriko Etxeko aitzinean elgarretaratzea egingo da bere herrikidea berehala aske utz dezaten eskatzeko.