INFO

‘Free Otegi, Free Them All’ kantua eta bideoklipa, asteartean 11.00etan NAIZen

‘Free Otegi - Free Them All’ kanpainaren baitan hainbat euskal artistek elkarlanean osatu duten abestia eta bideoklipa astertean (11.00) eskainiko du NAIZek. Helburua kanpainaren aldarria ahalik eta gehien hedatzea da, bertatik bertara lehenbizi eta mundu osora gero. NAIZ eta GARAko harpidedunek gaur arratsaldean (18.00) jasoko dute bideoklipa primizian.

This browser does not support the video element.


Elkarlanean jardun dute hainbat euskal artistek ‘Free Otegi - Free Them All’ kanpainaren baitan abesti hau osatzeko. Kanpainaren izenburu bera daramaten abestia eta bideoklipa asteartetik aurrera NAIZen ikusi eta entzun ahalko dira eta helburua mundu osora «askatasun aldarria» hedatzea da. Ekimenaren sustatzaileen hitzetan Euskal Herriko bazter guztietan entzungo den abesti bat sortzea izan da asmoa eta mundu osora lau hizkuntzatan aldarri berbera hedatzea.

«Gizatasunagatik. Justiziagatik. Garaile eta garaiturik gabeko irtenbidean sinesten dugulako. Bakearen aldeko apustua egiten dugulako. Horregatik Arnaldo Otegiren askatzea eta presoen Euskal Herriratzea eskatzen ditugu». Modu horretan azaldu dute proiektua finantzatzeko Karena plataforman sortutako ekimenean. Helburua beteta itxi zuten pasa den astean finantzaketa kanpaina.

Bideoklipa TAOM produktorak ekoitzi du, Karlos Trijuequeren zuzendaritzapean. Abestiari dagokionez Joserra Senperena aritu da konposizio eta produkzio lanetan. Edorta Jimenezek egin ditu hitzak eta musikari eta abeslarien artean honakoa da parte hartzaileen zerrenda: Sorkun Rubio, Furia, Ines Osinaga (Gose), Maite Arroitajauregi (Mursego), Joseba Tapia, Francis Diez (Doctor Deseo), Niko Etxart, Unai Iturriaga, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Asier Serrano, Jon Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Petti, Oier Aranzabal (Lou Topet), Xabi Solano (Esne Beltza), Rafa Rueda, Karlos Aranzegi, Migel Artieda eta Iñigo Egia. 

GARA eta NAIZen harpidedunek primizian

NAIZ edo GARAko harpidetzaren bat duten erabiltzaileek ez dute itxaron beharko, gaur arratsaldean (18.00) jasoko baitute eposta bidez bideoklipa.