AEK-ko ikasleei aurpegia jartzeko kanpaina abiatu dute
Urtero ikasle bat izango da AEK Jendea kanpainaren protagonista. Hala, euskaltegietako ikasleei aurpegia jarriko diete, gogoeta kualitatibo bat eginez. Aurten Juanma Iturriondo lasartearra da AEKren ordezkaria.
Juanma Iturriondo duela 27 urte hasi zen euskara ikasten. AEKra jo zuen bere helburuekin –euskara ikastea eta erabiltzea– bat egiten zuelako eta bi urteren ostean hizkuntza bazekien. Orain euskaraz bizi da Usurbilen. Iturriondo Lasarten jaio zen baina txikia zenean ikastola eraikitzen ari ziren. Gainera, garestia zen bere gurasoentzat eta ezin zuten bertara bidali, beraz, eskola publikoetan ibili zen. «Ama goierritarra da baina ez da euskalduna. Aitak badaki euskara, baina amarekin igarotzen genuen denbora gehien eta ez genuen euskara ikasi», azaldu du gaur Lasarte-Orian AEK-k antolatutako prentsaurrekoan.
AEK-ko koordinatzailea den Mertxe Mugikak aipatu duenez, «milaka lagunek ikasi dute euskara euskaltegietan eta orain euskaraz bizi dira«. Are gehiago, ikerketa baten arabera, azken hamarkadetan 300.000 hiztun berri baino gehiago ditu euskarak eta horietatik laurden batek euskaltegietan ikasi dute hizkuntza. «Kopuru horiei indarra kendu gabe, begirada kualitatibo bat eman nahi diogu guzti honi, ikasketa prozesua erakutsi nahi dugu», azaldu du Mugikak. Horregatik, AEK Jendea kanpaina aurkeztu dute non, urtero, ikasleen eredu eta ordezkari izango den pertsona bat aurkeztuko duten. «Garrantzitsua da zenbakiak alde batera utzita aurpegiak jartzea. Niretzat plazer bat izan da Juanma ezagutzea. Gaur egun euskalduna da eta euskaraz bizi da. Zorionak», esan du pozik alboan zuen Iturriondori begira.
«Nik AEKrekin ikasi nuen euskara eta berari zor diot hemen egitea. Eskerrak ematen dizkiot irakatsi zidalako. Euskal Herrian nik baino hobeto hitz egiten eta idazten duenik egon arren, oso harro nago», kontatu du ikasle ohiak. Harentzat euskara etxetik kanpo ikastea zen aukera bakarra eta AEK aukeratu zuen horretarako honen helburuekin bat egiten zuelako: «ikastea eta erabiltzea». Horrela hobetu du bere euskara lasartearrak. «Ondo edo gaizki hitz egin, berdin da. Hitz eginez gehiago ikasten da. Ez zitzaidan batere kostatu. Askotan nik zerbait esaten nuen eta gaizki zegoela konturatzen nintzen eta saiatzen nintzen hurrengoan ondo esaten», kontatu du euskara ikasleen ordezkariak.