INFO

‘Euskalgintzaren konpromisoa’, eremu sozioekonomikoan ahalduntzeko egitasmoa, martxan

Kontseiluak ‘Euskalgintzaren konpromisoa’ ekimena aurkeztu du «eremu sozioekonomikoan eragitea» jomuga. Egitasmo horren bidez, Kontseiluko bazkideen komunikazio hornitzaileei zerbitzua euskaraz eskain dezaten urratsak ematea proposatu nahi diete.

Kontseiluak ‘Euskalgintzaren konpromisoa’ ekimena aurkeztu du Bilbon. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

‘Euskalgintzaren konpromisoa’ ekimena jarri du abian Kontseiluak. Egitasmoa aurkeztu dute guar Bilbon egindako agerraldian, eta bertan azaldu dutenez, «eremu sozioekonomikoan eragitea» du helburu. Era berean, Kontseiluko bazkideen komunikazio hornitzaileei zerbitzua euskaraz eskain dezaten urratsak ematea proposatu nahi zaie.

Kontseiluaren baitan biltzen den aholkularitza sektoreak 2013an antolatutako Lan-mundua euskalduntzeko Konferentzian du jatorria ekimenak. Bertan, lan mundua euskalduntzeko, euskaraz saldu, erosi eta lan egiteko, eragile estrategikoak eta gida-lerroak definitu ziren. Irailaren amaieran aurkeztu zen Donostian eremu sozioekonomikoan eragiteko asmoz sortutako beste ekimen bat, Euskaragileak, euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen batzordea, hain zuzen ere.

Gaurkoa, enpresek abiatutako ekimenarekin eta ondoren beste zutabeetan egingo direnekin elkarlotuta dago. «Euskalgintzak bezero gisa eremu sozioekonomikoan duen eragina edo pisua aintzat hartuta, ahaldundu eta ‘Euskalgintzaren konpromisoa’ deitutako ekimena abiatuko du. Honen bidez, gaur egun zerbitzuak euskaraz eskaintzen ez diguten enpresetan aldaketak eragin nahi dira, enpresok hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsak eman ditzaten. Izan ere, bezero bezala, kalitatezko zerbitzua euskaraz eskaintzen zaigun hori dela nabarmendu nahi dugu», esan du Kontseiluko lehendakariak, Iban Arregik.