Shengelia gabe, baina Madrilen ere garaile izan nahi du Baskoniak
Joan den astean Palau Blaugranan irabazi ostean, Laboral Kutxa Baskoniak Madrilen ere irabaz dezakeela erakutsi nahi du. Euroligako Top 16ko F taldea hain dago berdinduta, ezen aurrez galdutzat edo irabazitzat jo litekeen partidarik ez baitago inola ere.
R.MADRIL-L.KUTXA
«Ezustekoak izan dira gure taldean», onartu zuen Velimir Perasovic entrenatzaileak partida aurreko prentsaurrekoan. «Ongi jokatuz gero, talde guztiek erakutsi dugu edozeini irabaz diezaiokegula, baina era berean, kontuan hartu behar da Real Madril sasoiko jokorik onena oraintxe egiten ari dela», gaineratu zuen kroaziarrak.
Belaunean min hartuta, Shengelia ez da Madrilen izango. Hala, Ilimane Diopek zein Davis Bertansek hegal-pibot postuan jokatuko dute, Kim Tillieri atseden emateko. «Ez naiz hegal-pibota, baina ezaguna zait postua», onartu zuen Ilimane Diopek. Senegaldarra lehiarako prest agertu zen: «Zailtasunen aurrean konponbideak bilatzen saiatuko gara. Real Madril aurkari handia da, baina gu geu ere ez gara txikiak».