Inauteria
Goizeko zazpiak dira eta ilun dago oraindik Aralar mendizerrako Txindoki zorrotzaren pean, Abaltzisketa herrian. Baina goiz izan arren, norbaitzuk sumatu ditugu kalean, udaletxe aldean. Txantxoak dira, aspaldiko usadioari jarraituz baserri giroko inauteria egingo dutenak herriko etxe eta baserri guztietan geraldia eginez.
Baserri eta herri giroko inauteria da Abaltzisketakoa. Benetakoa, bertako herritarrek bertako herritarrentzat egindakoa. Ez dago hemen turistarik begira, ez auto ilararik errepide bazterrean aparkatuta.
Udaletxean gordeta egoten dira urtean zehar txantxo jantziak. Ez dira nolanahikoak. Txapel gorriak, alkandora zuria, gorbata beltza… eta mantoiak. Itxura arabiarreko irudiak dituzte, arku eta ate puntadunak, oso deigarriak. Inork ez daki Abaltzisketan nondik nora iritsi ziren herrira, nork ekarri ote zituen. 1933ko argazki batean azaltzen dira dagoeneko. Duela urte batzuk, Marokon oporretan zebilela, zapi berdin-berdinak ikusi zituen txantxoetako batek azoka batean salgai. Seko harrituta geratu omen zen, baina misterioak argitu gabe jarraitzen du. Egia osoa esateko, lehengoak zahartuta zeudenez, Marokora joandako txantxoak mantoi berriak erosi zituen han, eta gaur jantzitako batzuk orduan ekarritakoak dira.
Joan den ostiralean jantziak atera eta mahai gainean pronto utzi zituzten txantxoek, herriko emakume batek lagunduta. Txantxo dantzariak mahoizko galtzak eta alkandora jantzita etorri dira gaur etxetik, oinetan abarkak. Gero bakoitzak sorbaldetan bi zapi, gerriko gorria eta txapela berezi bat jantzi ditu; horiek janzteko ere lana izaten da, zeren ez dute denek berdin jantzi behar. Ilaran kokatzen diren moduari erreparatuz, zapiak gorriak eta horiak izaten dira, eta lehenengoak gorria janzten du eskuinaldean, beraz bere atzean dagoenak horia izango du eskuinaldean. Koloreak txandaka doaz.
Baserriz baserri, etxez etxe
Gaur goizean, pare bat aldiz dantza egin entsegu moduan eta zortziak aldera abiatu dira etxez etxe. Autoetan joan dira batera eta bestera, nahiz eta garai batean oinez igarotzen zuten herri osoa. Lehenengo Orendain aldera geratzen diren etxe eta baserriak bisitatu dituzte, eta hauek bukatutakoan, hamar eta erdiak aldera, herriko ostatuan gosaria egin dute, mezetatik irteten den jendeari dantza egiteko ordua iritsi arte. Jarraian, herriguneko etxeak pasa dituzte, eta ondoren herriaren beste aldeko baserri eta etxeetara abiatu dira, Larraitz ingurukoetara. Eguerdiko hamabi eta erdiak aldera Larraizko baselizako mezetatik irteten direnei ere egin diete dantza eta azken etxe eta baserriak bisitatu dituzte, Amezketa aldekoak. Arratsaldeko hiru eta erdiak aldera bukatu dituzte gaurko lanak eta, ondoren, udaletxean aldatu eta jantziak jaso ondoren Larraizko jatetxera abiatu dira bazkaltzera.
Hamaika lagun ibili dira baserriz baserri, urteroko legean. Usadioak agindu bezala, zortzi pertsona atera dira txantxo jantziarekin dantza egiten, bat trikitixa jotzen, beste bat «mozorro» jantzita erratzarekin –honen zeregina dantza egin behar den etxe ataria txantxoak iritsi aurretik garbitzea izan da– eta azkenik beste bat saskia bizkar gainean hartuta, jendeak ematen duen oparia jasotzeko. Etxe guztietan eman diete dirua, eta baita jateko zerbait ere, txorizoa dela, pastak direla…
Gazteak dira Abaltzisketako txantxoak. Batezbeste lau bat urte daramatzate dantzan. Hori da, esaterako, Maialen Senperenaren kasua: «Orain jende gaztea gabiltza dantzan. Nik adibidez laugarren urtea dut hau, eta nire adin inguruko jendeak ere horrelako zerbait. Badaude pare bat sei bat urte daramatzatenak, baita iaz aurreneko aldiz irten zenik ere. 2013an berritze dezentea gertatu zen, eta orduan utzi zutenek hamalau urte eginak zituzten dantzan».
Emakume bat aipatu dugu, eta aipatzeko modukoa da, duela oso gutxi arte gizonen kontua soilik izan baita Abaltzisketako inauteria, izan dantzari, trikitilari, mozorro edo zestero. Duela lau urte, trikitilariak urte mordoa egin zuela eta uztea erabaki zuen, eta Maialen tentatu zuen soinuarekin irteteko. Baita erronka onartu ere Maialenek. Ez dago legerik emakumeak inauterian ezin direla irten dioenik. Dantza egitera ere atera daitezke neskak, nahi duenak guztiz libre dauka, baina oraingoz dantzariek mutilak izaten jarraitzen dute.
Gerra garaian eten
1936ko gerra garaian eten egin zen Abaltzisketan inauteriaren ohitura, Euskal Herriko beste toki askotan bezalaxe, eta urte batzuk izan ziren dantzarik gabekoak. Nahiz eta datu zehatzik ez izan, 1950eko hamarkadan ibili zirela jakina da, baita 1970eko hamarkadan ere, baina ez urtero, bi edo hiru urtez behin baizik. Ondoren, 1986 urtetik aurrera, urtero irten dira txantxoak Txindoki pean inautea ospatzera.
Goiza aurrera doan heinean, ardo zatoa lagun, gero eta giro hobea sortu da txantxoen artean. Mozorroak oihu eta jauzi egiten du, imintzioak egin, bazterrak astinduz. Nekatu ederra hartu behar du gizon honek. Etxeetan ematen ari zaien janari eta edariekin afaria egiten dute gauean txantxoek. Maialenen trikitiak alaitasuna sortzen du nonahi, baina soinua kontu berri xamarra delakoan dago, garai batean txistua eta danbolina ibiliko zirela uste baitu.
Abaltzisketatik oso gertu, Amezketan, antzeko iñauteria egiten da, hau ere nekazal girokoa, baina badira ezberdintasunak. Jatorri bera dutela uste da, Abaltzisketako txantxoek eta Amezketako talai dantzariek. Nahiz eta dantza egiteko orduan desberdin antolatu, musikari dagokionez doinu berarekin aritzen dira. Esan bezala, Abaltzisketako txantxoetan zortzi dantzari izaten dira, gehi mozorro bat, saskiduna eta trikitilaria, eta kopuru hau ez da aldatzen, urtero hamaikak hartzen dute parte. Amezketako iñauterian ez dago dantzari kopuru juxtu bat bildu beharrik, agertzen diren edo nahi duten guztiek egin dezakete eta dantza; kontua dantzari kopuru bikoitia izatea da. Hogeitabi lagun ere atera izan dira noizbait, poltsero eta guzti.
Amezketa
Musika doinua berdina bada ere, amezketarrek abiadura handiagoan egiten dute dantza. Eta beste ezberdintasun bat: Amezketan galdu egin da mozorroa pertsonaia. Nonbait, astakeria dezente egiten zituen mozorrotutakoak eta, herritarrek talaiak gustura hartu beharrean, alderantziz gertatzen zen. Kolore biziko zapi ederra daramate talai dantzariek, baina ez Abaltzisketako mantoia bezain berezia, ohiturari berrekin ziotenerako garai bateko zapiak galduta edo hondatuta baitzeuden. Bestalde, Abaltzisketan inauterietako igandean bakarrik egiten dute dantza, eta Amezketan igandean –herrigunea, Ugarte eta Zubillaga auzoak– eta astelehenean –Bedaioko baserriak–. Alegia, oraindik ere badaukala irakurleak Amezketako talai dantzaz gozatzerik, azkar ibiliz gero. Eta hala egiten badu, dantzarien makilek lurra nola esnatzen duten antzemango du…