INFO

Gipuzkoan sartu da eta Nafarroara bidean darama prekarietatearen aurkako borroka Correscalesek

Korrika Prekarioa edo Correscales Gipuzkoan sartu da gaur goizaldean. Prekarietatearen aurkako eta duintasunaren aldeko lekukoa eskuz esku doa, eta David Fernandez, CUPeko diputatu ohia eta Joseba Permach Sortuko kideak ere egin dituzte kilometro batzuk Telefonicako langileen alboan. Lasterka Nafarroara bidean dago ekimena.

Jende ugari batu da Correscalesen Hernanin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Kostaldetik iritsi da Gipuzkoara Correscales goizaldean. Duintasunaren aldeko eta prekarietatearen aurkako Korrika Prekarioak Bizkaian zabaldu zuen mezua atzokoan eta Gipuzkoan zehar indarrak batzen ari da momentu honetan.

Besteak beste, Getaria eta Zarautz artean, CUPeko diputatu ohia eta Sortuko kide den Joseba Permach aritu dira, Telefonicako langileen alboan. Hernanin ere jende andana batu da elkartasun lasterketara.

Movistar telefono konpainiako langileen iazko grebari lekukoa hartu nahi dio errelebo lasterketa honek, haien borroka ezagutzera eman eta ataka berean diren beste enpresetako langileei laguntza emateko asmoz. Babes ekonomikoa jasotzea da ere bada beste helburuetako bat. Horrela, greban pilatutako zorrak kitatu, eta, jasotako diruarekin Erresistentzia Kutxa izeneko funtsa sortu nahi dute prekarietatearen aurka borrokatu nahi duten kolektiboentzako erresistentzia kutxa gisa.

Arratsaldean sartuko da Nafarroan, azken orduan alde egiteko, astelehenean Bartzelonan aurkituko duen helmugaren bila.