INFO

Ertzaintzak Ainara Ladron eta Aritz Azkona atxilotu ditu

Ainara Ladron Zarautzen atxilotu dute beren kontrako auzia salatzeko prentsaurreko bat eman ondoren. Arratsaldean, Aritz Azkona Fruitzen atxilotu dute. Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du Ladron, Azkona eta beste hiru lagunen kontra 2007an A8 autobidea mozteagatik 2007an «Jarrai-Haika-Segi» auzia salatzeko.

Ainara Ladron Zarautzen egin duen agerraldian. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Ainara Ladron gazte elgoibartarra atxilotu du Ertzaintzak Zarauzko plazan. Ladronek agerraldi batean parte hartu du eguerdian beren kontrako auzia salatu eta berak eta beste bi auzipetuk -Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta- desobedientziaren alde egindako hautua azaltzeko. Ariznabarreta ostegunean atxilotu zuten Eibarren eta Martutenen espetxeratua izan da.

Azkonak ARGIA-k zabaldutako bideo batean azaldu du berandu iritsi dela Zarauzko agerraldira eta plazara sartzen saiatu denean ertzainek hartuta zeukatela eta ezin izan duela. Horren ondorioz, etxera itzultzea erabaki du bere egunerokotasunari jarraitzeko desobedientzia eginez. Arrtsaldean atxilotu dute Fruitzeko futbol zelaian.

Hirurak, Saioa Zerain eta Asier Alberdirekin batera daude auzipetuak, 2007an, Jarrai-Haika-Segi epaiketa salatzeko A8 autobidea moztea leporatuta. Azkona, Ladron eta Ariznabarreta ez ziren aste honetan epaiketara agertu, desobedientziaren aldeko hautua eginez. Honen ondorioz, epaileak atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen.

Epaileak berak jarri beharko luke epaiketaren data berri bat, eta ordura arte gazteak espetxeratzea agindu du. Laugarren aldiz atzeratu da epaiketa, dagoeneko bederatzi urte luzatu den prozesuan. Azkenekoz abenduan atzeratu zen, hiru gazteak aurkeztu ez zirenean.

Bost gazteetako bakoitzarentzat bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak errepidea mozteagatik.