INFO

5.000 etxetara 75.000 litro oliba olio eraman ditu Errigorak, iaz baino %65 gehiago

Nafarroa hegoaldeko oliba olioa banatzeko abiatutako kanpaina arrakasta handiz itxi du Errigorak, urtetik urterako gorakadari eutsita. Aurtengoan, 5.000 etxetara 75.000 litro olio eraman dituzte, iaz baino %65 gehiago eta 2014an baino %150 gehiago.

Nafarroa hegoaldeko 75.000 litro oliba olio banatu ditu Errigorak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Gure txikitasunean ederra egin dugu!». Hitz horiekin laburbildu du Errigora ekimenak Nafarroa hegoaldeko oliba olioa banatzeko kanpainaren balantzea. Guztira, Euskal Herri osoko 5.000 etxeetara 75.000 litro olio banatu dituzte. Iazko datuekin alderatuta, %65 gehiago banatu dute, eta %150 gehiago, 2014ko datuekiko.

Gogoratu dutenez, ‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ Nafarroa hegoaldearen berezko produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da eta, ildo horretan, kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzeko eta ekoizle arduratsuak saretzeko saiakera ere bada.

Oraingoan, ehunka boluntarioren lanari esker, 75.000 litro olio banatu dituzte. Olioa ez da etxe partikularretara bakarrik joan, izan ere, aurtengoan hamaika kontsumo talde, elkarte gastronomiko, txoko eta eskola-ikastoletako jantokietara ere iritsi baita Nafarroa hegoaldeko olioa.

Hurrengo zita maiatzean jarri du Errigorak. Orain olioarekin egin bezala, maiatzaren 12tik 24ra kontserba loteak eskatzeok tartea zabalduko dute.