Ertzaintzak San Mameseko fakultatean itxitako ikasleak kanporatu ditu
Herri Unibertsitatea aldarrikatuz, hamarnaka ikaslek San Mameseko ingenieritza fakultatean itxi ziren bart eta Ertzaintzak kanporatu egin zituen. «Herritik eta herriarentzako» hezkuntza bat eskatu dute gazteek.
40 bat ikasle San Mameseko ingenieritza fakultatean itxi ziren atzo gauez eta Ertzaintzak kanporatu egin ditu. Ikasleek Herri Unibertsitatea aldarrikatzeko burutu zuten ekintza, modu honetan «herritik eta herriarentzako» hezkuntza bat exijituz.
Arratsaldez egin zuten manifestaldia eta gero, fakultatean «desobedientzia tailerra» egingo zutela iragarri zuten eta bertan itxi egin ziren.
Laster iritsi zen Ertzaintza, eta gazteek bere kabuz irtengo ez zirela jakinarazi zioten arduradunari. Honen ostean, ikasleak banan banan ateratzeari ekin zion Ertzaintzak.
Behin bertatik kanporatuta, Sarriko eta Leioako Herri Unibertsitateetara abiatu ziren ikasleak, bertan asanbladak burutuz eta gaurko egitarau guztia mantenduko dutela iragarriz.