INFO

Maiatzaren 12an jakinaraziko dute Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren erantzuna

Maiatzaren 12an jakinaraziko du Parisko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganberak Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren inguruko erantzuna.

‘Xistor’ Haranburu, Unai Parot, Jakes Esnal eta Jon Parot. © Isabelle Miqelestorena

Jakes Esnalek baldintzapeko askatasuna lortzeko egin duen eskaera gaur aztertu du Parisko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganberak eta maiatzaren 12an jakinaraziko du erantzuna.

Kazeta.eus atariak jaso duenez, saioak bi ordu iraun du eta «gertakarietaz eta presoen kokapenaz» hitz egin dute, Maritxu Paulus Basurco abokatuak azaldu duenez.

Jakes Esnalek 26 urte bete ditu espetxean. 1990eko apirilean atxilotu eta bizi osorako zigorra ezarri zioten. Hala, hemezortzi urte pasa behar izan ditu preso baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubidea izan arte. Bederatzi urtez epe hori gainditu ondoren egin du eskaera Esnalek.

Abokatuak dioenez, baldintzapeko askatasuna da Esnal kartzelatik ateratzeko bide bakarra. «Auzitegiak ez badu baldintzapean libre uzten, kartzelan egon beharko du». Eskaerari uko eginez gero, berriro ere baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera izango du.

Manifestazioa larunbatean

Bagoaz kolektiboak deituta, heldu den larunbatean manifestazioa egingo da Donibane Lohizunen, Jakes Esnalen, Jon eta Unai Parot anaien eta Frederik Haranburu ‘Xistor’ aske utz ditzatela aldarrikatzeko. Guztiek daramatzate 26 urte espetxean.