Baldintzapean kalera irten ahal diren presoen askatasuna eskatu dute Donibane Lohizunen
700 bat lagunek parte hartu dute Donibane Lohizunen arratsaldean Xistor Haramburu, Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten askatasuna eskatzeko. 26 urte daramatzate preso eta lehen bi hiruen kasuan baldintzapeko askatasun eskariak errefuxatu dituztela salatu du Bagoaz kolektiboak. Angel Aldana deportatua ere gogoan izan dute.
26 urte daramatzate preso, honezkero, Xistor Haramburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parotek Frantziako Estatuan eta Espainiakoan Unai Parotek. 700 bat herritarrek lau hauen eta antzeko egoeran diren beste presoen askatasuna eskatu dute. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik parte hartu du gaurko mobilizazioan, nabarmen EH Baikoek baina baita Sylviane Alaux diputatu sozialistak ere.
Yvette Debarbieux Donibane Lohizuneko hautetsi komunistak eta Garbiñe Eraso Bagoazeko kideak irakurri dute manifestazio amaieran oharra eta bertan baldintzapean aske geratu ahal diren preso guztien askatasuna eskatu dute. Frantziako Estatuan preso diren hiru presoen kasuan, baldintzapeko askatasun hori eskatu izan dutela gogoratu dute eta guztiak ukatu egin dituztela Frantziako epaitegiek. Argudio judizialak ez, politikoak baliatu dituztela eskari horiek ukatzeko salatu dute eta botere politikoak prozesua blokeatzen jarraitzen duela. Baldintzapean kalera irten ahal diren preso guztien askatasuna eskatu dute, baita larriki gaixo direnena ere. Bereziki Ibon Fernandez Iradiren kasua gogoratu dute eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute «gatazkaren konponbidearen alde, presoen askatzearen alde eta iheslarien itzultzearen alde».
Angel Aldana gogoan
Hitz hartzea Angel Aldana deportatu hil berria gogoratuz hasi dute. 70. hamarkadan ihes egin behar izan zuenetik gaurdaino bizitako egoera salatu dute, atxiloketak, konfinamentua, deportazioa, tortura... Frantziako Estatuari dagokion erantzukizuna aitortu eta iheslarien aurkako salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko eskea egin diote. 2013an etxerako bidea iragarri zuen iheslarien kolektiboak, hainbatek bizi zuen egoera larriaren berri emanez, tartean Aldanarena. Denbora honetan Frantziako Estatuak ez duela inolako urratsik eman salatu dute eta gehiago halakorik gerta ez dadin mugitzeko deia egin diote Parisi.