INFO

Gora Iruñeak sanferminetan Jai Gune txikiak antolatzeko proposamena egin du

Hurrengo sanferminetan Jai Gune handi baten beharrean, hainbat gune txiki antolatzeko proposamena gaur burutuko den sanferminetako mahai berezian aurkeztuko du Gora Iruñeak.  

Kontzertua Jai Gunean iazko sanferminetan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Gora Iruñeak sanferminetan hainbat jai gune txiki antolatzea proposatu du, azken urteetako jai gune handiaren beharrean. Azken hilabeteetan hainbat eragilerekin egindako bileren emaitzak aurkeztu ditu jai batzordeak ohar baten bidez eta proposamena gaur ospatuko den sanferminetako mahai berezian aurkeztuko dute.

Alde batetik, herri mugimenduak «protagonismoa bereganatu» behar duela iritzi dute. Honetarako, herri mugimenduek sanferminetan hainbat gune kudeatzeko beharra nabarmendu dute. Zentzu honetan Udalarekin egiten ari diren elkarlana goraipatu dute. «Ahalegin ikaragarria egiten ari dira gune hau ahalik eta anitzena eta zabalena izaten. Jakin baitakigu Iruñea guztiona dela eta zenbat eta anitzago izan gunea, zenbat eta aberasgarriagoa izanen delako guztiontzat», azpimarratu dute.

Bestetik, jai ereduan bultzatzen dituzten baloreen inguruko «hausnarketa eta proposamena» osatu dute. Sanferminak «parekide, euskaldun, ekologiko, parte hartzaile, anitz eta kultural» baten alde hainbat proposamen zehaztu dituzte.