EPPK-ren agiria euskal jendarteari
Abian-ek eta Bagoaz!-ek otsailaren 20an antolatu autobusen martxak guregan sortutako poza eta emandako indarra bizi-bizi dugun honetan, bidaia horietan parte hartu zuten erkideei eskerrak emanez hasi nahi dugu agiri hau. Hain zuzen, egun horretan, EPPK-ko kideok barau egin genuen, gure kide Lorentxa Guimon askatzeko burututako ekimenen baitan. Hartara, bide batez, gure poza azaldu nahi dugu, herritarren eta presoen arteko ekimen bateratuaren ondoren, EPPK-ko mintzaide ere badenaren askatasuna eskuratu izanagatik. Orain, etxekoen babesean ahalik eta ongien zain dezala bere osasuna opa diogu.
Martxa horien bidez, Euskal Herrira lotzen gaituzten zainak ureztatu eta indarberritzeaz gain, dinamika berri bati hasiera eman zitzaiola iruditzen zaigu. Urte hasieretako manifestazio erraldoiaren osteko mobilizazio beheraldi eta basamortua gaindituz.
“Presoen gaiak” azken urteotan kokapen zaila izan du gatazkaren konponketaren eta askapen borrokaren baitan, ezker abertzalearen “arazo” bilakatuta ikusi nahi izan baitute Euskal Herriaren askatasunaren etsaiek. Badirudi, oraingoan ekuazioa askatzeko formula aurkitzeko bidean gaudela.
Horretan asko lagundu du preso politikooi, zailtasun eta oztopoen gainetik, ezker abertzalearen Abian eztabaidan parte hartzeko aukera eman izanak. Euskal Herriaren askapen prozesuan dugun onena emateko lotu gintzaizkion borrokari eta horren ondorioz atxilotu, gutako asko eta asko torturatu eta espetxeratu gintuzten. Dugun onena ematen jarraitzeko nahi dugu ere askatasuna. Dena dela, kartzelan bahituta gauzkaten bitartean gure ahaleginak ez du etenik izango.
Sasoi erabakigarria bizitzen ari gara berriro. Kartzeletan gauden militanteon ardura handia da, zein unetan gauden ondo identifikatu eta gure urratsak nora eta nola bideratu behar ditugun hausnartu eta erabakitzeko orduan.
Hiru jarraibide nagusiri esker egin izan die aurre EPPK-k urte guztiotan bere aurka saiatu diren zigor-politikei: batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura. Horiek izan behar dira orain ere gure jarraibideak. Eta batez ere orain, azken urteok Kolektiboak aspaldian bizi izandako gogorrenetakoak izan baitira.
Aurrerantzean, beste batzuetan bezalaxe, Euskal Herriaren independentzia lortzeko bidean, kartzeletan bataila garrantzitsua jokatuko dela deritzogu. EPPK-ko kideok kontziente gara horretaz, eta arduraz jokatuko dugu, arestian aipatutako hiru jarraibideak ardatz.
Kartzeletan ere eztabaida burutuko dugu. Noski, guztiok Euskal Herrian eta elkarrekin bageunde, errazagoa izango litzateke zeregina. Estatu espainiar eta frantsesak jartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko euskal herritarren laguntza beharko dugu.
Duela hiru hilabete genioen bahituta gauzkaten estatuek eginahalak eta bi egiten ari direla konponbidearen ateak ixteko, eta horretarako beste garai batzuetan, hitzez bederen, gatazka gainditzearen alde zeuden eragile batzuen babesa jasotzen ari zirela beren interes berekoien mesedetan. EAEko lehendakari Urkulluk eman du berriki esan genuenaren froga argia, deportazioaren eta sakabanaketaren arteko bereizketa eginez, 90eko hamarraldiko PNVren “Madriletik gora” ospetsua berreskuratuz. Gure eta gure senide eta lagunen eskubideen urraketaren enkantea eginez. Oso gogoan ditugu errepideetan bizia galdu duten hamasei senide eta lagunak bezala, kartzela politika ankerraren ondorioz, lau hormaren artean edo askatasuna eskuratu berri hildako hogeita bi burkideak.
Urkulluk, ardura ez ezik ahalmena ere badu euskal preso politikoon deportazioa amaitzeko orduan. Hori dela eta, EPPK-k eskatzen dio Urkulluri, EAEko lehendakari den neurrian, bere esku dagoen guztia egin dezala, Espainia luze-zabalean deportatuta (eta sakabanatuta) gauzkaten euskal hiritarrok Euskal Herriko kartzela batera ekar gaitzaten. Galde bera egiten diogu Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari Uxue Barkosi.
EPPK-ko kideok Espainiako agintariei eskatua diegu Zaballako kartzelara eraman gaitzaten nahi dugula; gure nahi hori kontuan hartu eta beren esku dagoena egin dezatela eskatzen diegu, beraz, bai Urkulluri eta bai Barkosi, gure eskubideengatik ez bada, gure hurkoen sufrimenduari amaiera emateko eta Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzeko urrats gisa.
Herri bat edota herritarrak botere zanpatzaile baten aurka justiziaren alde borrokan ari diren lekuetan borrokalariak preso sartzen dituzte agintariek. Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren karietara, EPPK-k urtero legez ekimen abarrak burutuko ditu kartzelaz kartzela. Bide batez, guk ere euskal herritarrei egun horretan antolatu manifestaziora joatera dei egiten diegu. Bihoakie gure agur iraultzaile eta elkartasunezkoa preso palestinarrei, kolonbiarrei, maputxeei, korsikarrei eta munduan zehar oinarrizko giza eskubideen alde borroka egiteagatik espetxean dauden guztiei.
Askatasuna herrientzat! Justizia herritarrentzat!
Euskal Herria bihotzean, 2016ko apirila
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Autodeterminazioa!