INFO

Bost milioi pertsona baino gehiago Txernobylek kutsatutako lurretan bizi dira oraindik

Txernobylgo hondamendi nuklearraren 30. urteurrenaren harira, oraindik bost milioi pertsona baino gehiago Ukraina, Errusia eta Bielorrusiako lur kutsatuetan bizi direla azpimarratu du Chernobil Elkarteak. Arreta zonalde oso kutsatuetan bizi diren pertsonengan jartzeko deia egin eta datorren udan harrera-familia izateko epea irekita dagoela gogorarazi dute.

Txernobylgo eremu kutsatuan bizi diren haurren aldi baterako harrera bultzatzen du elkarteak. (NAIZ)

Ohar baten bidez, Chernobil elkarteak gogoratu du 30 urte betetzen direla gaur milaka hildako eta erbesteratu utzi zituen hondamendi nuklearretik.

«Gaur egun ere, 2.300.000 pertsona bizi dira Ukrainako lur kutsatuetan, 5.000.000 baino gehiago Errusia eta Bielorrusia kontutan hartzen baditugu», azaldu dute, oraindik ere milaka kilometro koadrotan industria ezartzeko debekua dagoela gogoratuz. Ivankiv, Orane, Dytyatky edo Rusaky bezalako herri txikiak, baztertze eremutik 30 kilometro baino gutxiagora daudenak, oso egoera estuan daudela azpimarratu dute.

Chernobil elkarteak adierazi du zonaldean oso lan aukera gutxi dagoela eta ogibide nagusia lurra lantzea den arren, «erabat kutsatuta» dauden elikagaiak ematen dizkie lur horrek. «Etxeen erdia baino gehiagok ez du urik eta arreta medikoa izatea oso zaila egiten zaie», gaineratu dute.

Testuinguru honetan, Chernobil elkarteak 20 urte bete ditu eremu kutsatuetan bizi diren haurren osasuna hobetzeko lanean. Urtean 40-50 egunez inguru horretatik aterata, haurrek osasuntsu hazteko aukera dutela dio Munduko Osasun Erakundeak eta, horregatik, umeen aldi baterako harrera bultzatzen du elkarteak.

Zentral nuklearren afera hizpide izango diren egun hauetan, Chernobil elkarteak eremu kutsatua mugatzen duen hesiaren beste aldean bizi diren pertsonengan jarri nahi izan du protagonismoa. Ohartarazi dute oraindik ere datorren udan harrera-familia izateko epea irekita dagoela. Infomaziorik nahi izatekotan elkartearekin harremanetan jartzeko deia egin dute.