INFO

Bitcoin diru digitala Craig Wright enpresari australiarrak sortua da

Orain arte «Satoshi Nakamoto» ezizen japoniarra erabiltzen zuen moneta birtuala kudeatzeko. Sortzailea nor den jakin izanak bitcoinari bultzada ematea espero du baina, Craig Wrightek esan duenez, bere asmoa ez da ez dirua lortzea, ezta ospea izatea ere.


Craig Wright enpresari australiarrak lehen aldiz onartu du bera dela bitcoin dibisa digitalaren benetako sortzailea, azken urteetan gaiaren inguruan espekulazio ugari izan ondoren. 2014az geroztik Satoshi Nakamoto ezizen japoniarraren atzean ezkutatu da, baina BBC, “The Economist” eta “GQ” hedabideei sortzailea bera dela frogatzen duten dokumentuak erakutsi dizkie.

BBCk argitu zuenez, australiarrak zenbait mezu sinatu zituen digitalki kode kriptografiko batzuk erabiliz, bitcoinen hasieran sortuak izan zirenak. Kode horiek Nakamotok sortuak izan zirela frogatuta dago; beraz, horrek esan nahi du Nakamotoren izenaren atzean dagoen benetako pertsona Wright dela.

Londresen egin zuten egiaztapenean Jon Matonis ekonomialaria ere izan zen, Bitcoin Foundation taldearen sortzaileetako bat dena. Honek ere ez zuen monetaren sustatzailearen identitatea ezagutzen, baina frogak ikusi ostean esan zuenez, Craig Wright dela uste du. “The Economist”-ek, ordea, zalantzak ditu oraindik eta froga gehiago behar direla esan zuen.

Milioi bat bitcoin

Wrightek aditzera eman zuenez, bere benetako identitatea ezagutaraztea erabaki du azken urteetan hedabideetan sortu den espekulazio dantza geldiarazteko. 2015eko abenduan “Wired” eta “Gizmodo” argitalpenek Wrighten izena eman zuten, baina orain arte berak ez du hori baieztatu.

Era berean, enpresariak esan zuen ez duela «ezeren aurpegi publiko bilakatzeko asmorik» eta nahiago lukeela bere identitatea argitara eman beharrik ez izatea. «Lan egiten jarraitu nahi dut. Ez dut dirurik egin nahi. Ez dut osperik nahi. Ez dut inolako gurtzarik nahi. Bakean uztea besterik ez dut nahi», azpimarratu zuen.

BBCren arabera, Satoshi Nakamotok, hau da, Wrightek, milioi bat bitcoin (392 milioi euro, gutxi gorabehera) eskuratzea lortu du 2009an moneta sortu zenetik.

Bankurik gabeko moneta

Bitcoina moneta birtuala da eta internet bidez gauzak ordaintzeko balio du, moneta hori onartzen duten enpresetan. Dibisa horrek duen ezaugarri nagusia da ez dela herrialde batera edo herrialde sorta batera mugatzen, baizik eta nazioartekoa dela eta horren atzean ez dagoela bankurik.

Diru trukea –euroetatik bitcoinetara, adibidez– erabiltzaile batetik bestera egiten da zuzenean, eta behin eragiketa bat onartzen denean ez dago atzera bueltarik. Erabiltzaileek diote oso sistema segurua dela. Hala ere, aipatzekoa da sortzailea nor den jakin zen unean bitcoinaren prezioak jaitsiera izan zuela.