INFO

Euskalgintzak, ELAk, LABek eta STEILASek bat egin dute euskararen aldeko mobilizazioarekin

«Epai injustuen aurrean» haur eskolen alde Kontseiluak ekainaren 4an Iruñeko kaleetan egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute Iruñeko Euskalgintzak, ELAk, LABek eta STEILASek. Zentzu honetan, haur euskaldunak «autobuseko lehen lerroan jartzeko ordua dela» azpimarratu dute.

Iruñeko Euskalgintzak, ELAk, LABek eta STEILASek, ekainaren 4ko mobilizazioarekin bat egin dute. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

«Autobuseko lehen lerroan esertzeko unea iritsi da. Borroka dezagun gure eserlekua». Hala adierazi dute Iruñeko Euskalgintzak, ELAk, LABek eta STEILASek nafar hiriburuan egin duten agerraldian. Hori dela-eta, ekainaren 4an Iruñean bertan, Kontseiluak deituta, ospatuko den mobilizazioarekin bat egin dute.

Gogora ekarri dute bi eskola gehiago jarriz eskaintza %27ra igo bada ere, itxaron zerrenda dagoela. «Ez da plaza nahikorik», berretsi dute. Hala ere, erabaki hori «hizkuntza eskubideen bermerako urratsa bat» zela nabarmendu dute. Era berean, babesa helarazi nahi izan diote guraso guztiei. «Ez da xamurra euskaraz hezteko aukera izatea eta egun batetik bestera kendu dizuetela entzuteak».

Hau dela-eta, Iruñeko Udalean dauden indarrei ere esan diete «justizia sozialean eta eskubideen bermean ematen den urrats oro» babestuko dutela.

Bestetik UPN eta PSNren jarrera salatu dute. «Ez daude preste autobuseko lehen lerroa beste inori uzteko». «Haien haurrak euskaldun eleaniztunak izateko erabakia hartu duten gurasoek 30 urtez bigarren mailako herritar bilakatu ditu. Autobuskeo lehen lerroan ezin ziren eseri», gehitu dute. Hori dela-eta, «gure eserlekua borrokatzeko unea» iritsi dela adierazi dute.