INFO

Aroztegia auzian galdeketaren alde lanean jarraitzeko deia egin dute enpresak salatu dituen lagunek

Palacio de Arozteguia enpresak salatutako Baztango zazpi herritarrak epaitegian izan dira, enpresak jarritako kereila kriminala dela-eta. Babesa adieraztera herritar ugari joan dira.

Palacio de Arozteguia enpresak salatu dituen herritarrak, epaitegira sartzen. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Palacio de Arozteguia SL enpresak kereila kriminala jarri zuen Baztango zazpi herritarren aurka; 50.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du haientzat, zigor penalaz aparte. Gaur adiskidetze-egintza zuten Elizondoko Bake Epaitegian eta herritar ugariren babesa jaso dute.

Epaitegian enpresaren abokatuak kalte-ordain eskaera berretsi du eta salatutakoek, berriz, beren errugabetasuna aldarrikatu eta kalterik ez zutela eragin berretsi dute

Epaitegitik atera ondoren adierazpenak egin dituzte Aroztegia... eta gero zer? plataformako kideek. Salatu dutenez, kereila jarri dutenen helburua da «beldurrarekin jostatzea, herri mugimendua kriminalizatzea eta proiektuaren tramitazio ez egokia plazaratu dugun jendartea isilaraztea».

Proiektuaren aurka Baztanen 900 sinadura bildu zituztela eta apirilaren 23ko manifestazioan 1.500 lagun bildu zirela gogora ekarri dute. Hortaz, ezkutatzen saiatu arren, Aroztegiakoa «gatazka soziala» sortu duen proiektua dela nabarmendu dute, eta kereilarekin herri galdeketa trabatzea dutela helburu, «zilegitasuna kentzea eta Aroztegiako gaia bera judizializatzea».

Baztango herritarrei dei egin diete herri galdeketaren alde lanean segi dezaten, «Geroa Bairen eta enpresaren axolakabekeriaren aitzinean, bere iritzia plazaratzen».

«Jazarpenen gainetik», Aroztegia proeiktuari buruzko herri galdeketa egin egingo dela ziurtatu dute.

Aroztegia jauregia zegoen tokian golf zelaia, hotel bat eta 228 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute.