INFO

Iruñeko Udalak deialdi irekia egingo du sanferminetan sei gune publiko kudeatzeko

San Jose, Baratxurien plaza, Jito Alai, San Frantzisko, Vistabella eta Bosquecillo-ko plazetan guneako kokatzeko deialdi irekia egin die Iruñeko Udalak irabazi asmorik gabeko elkarteei. Modu honetan «biztanleak ikusletik alde aktiboa izatera pasatzea» dute jomuga.

Haurrentzako antzerkia Jaigunean iazko sanferminetan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iruñeko Udalak deialdi irekia egin die irabazi asmorik gabeko elkarteei sanferminetan sei gune publiko kudeatzeko. Modu honetan, San Jose, Baratxurien plaza, Jito Alai, San Frantzisko, Vistabella eta Bosquecilloko plazetan guneak jartzeko aukerak eman ditu.

Deialdiaren arabera, «elkarlan akordioak» sinatuko dira elkarteekin, gune hauek bultzatu aldera. Modu honetan «biztanleak ikusletik alde aktiboa izatera pasatzea» dute jomuga. Udalak, gune publikoak uzteaz gain, azpiegiturak eta instalazioak ere jarriko ditu.

Ohar baten bidez azaldu duenez, Udalak, deialdi honekin gune publikoen kudeaketa eta hauek uzteko irizpideak bateratu egin nahi ditu «partaidetza, berdintasuna eta aniztasuna balorean jarriz». Honela, eskaintza kulturala anitza izatea baloratuko du.

Zehaztu dutenez, San Jose plazak herri kultura azaleratzeko tokia izan beharko du eta Baratxurien plaza eta Jito Alai ikusle guztiei eskeinitako kontzertu, dantza eta antzerkien gunea. Bosquecillon, aldiz, munduko beste kulturei eskeinitako programazioa bilatzen da eta Vistabella euskara oinarri izango duena. San Frantziskon, bestetik, txikienak eta familia giroa nagusituko da. Guneek musika 02:30era arte izan ahalko dute.

Proposamen desberdinen balorazioa honako irizpideei jarraiki eginen da: Deialdian zehaztutako helburuak lortzen laguntzea, eskaintza kultural anitza izatea, kalitate tekniko gutxieneko bat izatea, elkarte desberdinek parte hartzea eta boluntarioen lana.