INFO

Mauleko hiltegia berriz irekiko dute, Prefekturak baimenak eman eta gero

Prefekturak azaldu duenez, burututako ikerketa batek hiltegiak «baldintza guztiak» betetzen dituela ondorioztatu dute eta berriz ere irekitzeko baimena eman diote. Martxoaren 29an itxi zuten, elkarte batek animaliei tratu txarrak eragiten dizkietela salatu ondoren.

Mauleko hiltegia berriz ere irekiko dute. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Mauleko hiltegia berriz ere irekiko dute, Prefekturak ikerketa amaitu eta baimena eman ostean. L214 elkarteak animaliei tratu txarrak eragiten dizkietela salatu ondoren, hiltegia itxi zieten eta ikerketa abiatu zuten. Orain, Prefekturak adierazi duenez, hiltegiak «baldintza guztiak» betetzen dituela ondorioztatu dute eta berriz ere irekitzeko baimena eman, Kazetak jakinarazi duenez.

«Erabakia hiltegiko arduradunei jakinarazi zaie. Azken horiek, ondorioz, aktibitatea berriz abiatu dezakete», adierazi du Prefekturak. Nabarmendu dutenez, Populakuntzaren Babeserako departamendu mailako zuzendaritzako kide batek iirekiera egunean neurri guztiak betetzen direla baieztatuko du.

Mauleko hiltegia salatu egin zuten animalien aurkako tratu txarrengatik eta honen ondotik Estatu frantseseko Asanblada Nazionalak diputatuen batzorde bat sortu zuen. PSko Sylviane Alaux diputatua tartean izanen da, eta azaldu duenez, hiltegietako arduradunak «ofizialki» batzordearen aurrean azalpenak eman behar izan zituzten.